NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2025

Saio orekatu eta betea Auritzen, txapelketa abiatzeko

Miren Mindegia Petrirena 2025eko urriaren 6a

Eneko Lazkoz nagusitu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehenengo saioan, lepo bete zen Auritzeko Kultur Etxean. Ainara Ieregirekin errepasoa egin diogu saioari. 

Sormenak, intuizioak eta irudimenak urduritasuna gailendu zuten Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo saioan. Auritzeko Kultur Etxea lepo bete zen saioa aldez-alde jarraitzeko, zaleen bertso-gosearen seinale eta, Ainara Ieregirek nabarmendu bezala, "ederra izan zen aulki guztiak beteta ikustea". Giroa bero, urduritasunak nabaritu ziren bertsoaldiaren hasieran, baina laster hartu zioten neurria sei bertsolariek leihari. "Oso saio polita iruditu zitzaidan, betea, irudimentsua".

Eneko Lazkoz nagusitu zen alde nabarmenarekin, bigarren egin zuen Saats Karasatorreri ia 30 puntuko aldea aterata. "Nabari da esperientzia handiko bertsolaria dela". Etxarri Aranazkoa, izan ere, ohiko finalista bilakatu da txapelketaren azkeneko urteotan, bigarren egin izan du behin baino gehiagotan, eta txapela janzteko hautagai nagusietako bat da.

Ieregiren erranetan, aldiz, gainontzeko bertsolariek maila erakutsi zuten, fin aritu ziren bertsotan, erantzunetan azkar, bertsoak betetzen, ariketa borobilak osatzen. Zortziko txikian osatutakoak eta hamarreko txikian egindakoak nabarmendu ditu. "Zortziko txikiak umorerako lekua eman zuten, ohikoa den moduan, baina hamarrekoak ere egon zen umorerako lekurik, hain ohikoa ez bada ere". Ieregik gai-jartzaileen lana goraipatu zuen, bide horretatik oso emaitza onak eman zituzten bertsoak egiteko parada eskaini baitzien seikoteari. 

Saio puntuagarriaren ostean, Eneko Lazkozek lortu du puntu gehien (357,5), eta hortaz, azaroaren 1ean Agoitzen jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Saats Karasatorre (328,5), Eki Mateorena (301,5), Egoitz Gorosterrazu (293,5), Urko Gartzia (287), eta Aitor Irastortza (283).

Honela geratu da saioko puntuazioa:

  • Eneko Lazkoz Martinez: 357,5
  • Saats Karatsatorre Martinez: 328,5
  • Eki Mateorena Zozaia: 301,5
  • Egoitz Gorosterrazu Elizagoien: 293,5
  • Urko Gartzia Aleman: 287
  • Aitor Irastortza Arrizurieta: 283

Hurrengo larunbatean segituko du txapelketak, Mutiloan jokatuko den saioarekin. Herri horretako Kultur Etxean izango da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Beñat Astiz Isasi, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Idoia Granizo Uribarrena, Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia eta Sarai Robles Vitas, Iratxe Legarra Nuin gai-jartzailearen aginduetra. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!