"Langile guztion parte-hartze aktiboa duen borroka eguna izan dadila urriaren 15ekoa"

Maialen Huarte Arano 2025eko urriaren 6a

UGT, CCOO, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, CGT eta HIRU sindikatuek agerraldia egin dute gaur.

UGT, CCOO, LAB, ESK, STEILAS, CGT, EHNE eta HIRU sindikatuek urriaren 15erako hiru orduko lanuzteak erregistratu dituzte Palestinaren aldeko "borroka, mobilizazio eta batzarrak egin daitezen". Palestinari elkartasuna adierazi eta Israelekin edozein harreman eteteko eskaera egiten ari dira: "Genozidioa gelditzea lortu behar dugu", adierazi dute agerraldi bateratu batean. Langileei dei egin diete "parte hartze aktibora": Iruñean 11:00etan zutabe bat eginen dute Bideko Ama Ospitaletik abiatuta Golem zinematokietaraino eta 12:30etan Golemetatik Antoniutti parkera eginen dute manifestazioa. 19:00eta beste protesta bat abiaraziko dute Gazteluko plazatik. 

Urriaren 15a "borroka, mobilizazio eta batzar eguna" izanen dela nabarmendu dute UGT, Comisiones Obreras, LAB, ESK, STeilas, EHNE, CGT eta Hiru sindikatuek. Stop Genozidioa. Langileok Palestinarekin leloa jarri diote greba orokorreko kutsua izanen duena egunari. "Egun horrek lanuzte eta mobilizazio orokor izaera hartuko du", adierazi du LAB sindikatuko Nafarroako arduradun Imanol Karrerak. Bi ideia nagusirekin langileak kalera atera daitezen eskatu dute: Palestinarekiko elkartasuna adierazi eta Israelekin dauden harreman oro etetea galdegingo dugu", nabarmendu dute. Europako Batzordeari eskatu diote onar dezala Israel Gazan egiten ari dena genozidioa dela eta bere osotasunean hautsi ditzala salerosketa harremanak: "Zilegitasun guztia hankaz gora jartzen du genozidioa, gerra-krimenak eta nazioarteko legedia etengabe urratzen dutenekin hartu emanetan aritzea", salatu dute.

"Herritarrak ari dira kalean erakusten basakeriari amaiera emateko beharra dagoela berehala" eta urriaren 15eko lanuzteekin ere erakutsiko dugu ezinbestekoa dela genozidioarekin berehala amaitzea", azaldu dute. Hartara, "bidegabekeriaren" aurrean besoak gurutzaturik ez geratzeko deia egin dute gaur sindikatuek. "Langile guztion parte-hartze aktiboa bilatzen ari gara borroka egun horretarako: elkarretaratzeak egin ditzatela lantokietan", azaldu dute. Iruñean, 11:00etan, Bideko Ama Ospitaletik abiatuko da martxa bat Golem zinematokietaraino eta hortik, 12:30etan manifestazioa aterako da Antoniutti parkeraino. Arratsaldean, 19:00etan, Gazteluko plazatik abiatuko den beste manifestazio bat eginen da. Parte hartze masiboa ahalbidetzeko, sindikatuok erregistratu dute lan txanda bakoitzean hiru orduko lanuzteak eginen dituztela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!