Euskal Herri mailako greba eguna dute gaur ikasleek. Argi dute: egoera muturrekoa da, are Gazara bidean den flotilla geldiarazi dutenetik. Euren babesa eskaini diete aktibistei eta Palestinarekiko elkartasuna helarazi. Ehunka ikaslek hartu dituzte kaleak Iruñean ere. Alde Zaharra alderik alde zeharkatu dute, oihu eta kalean zirenen txalo artean. Ikasleen ardura ere badelako, diote, gertatzen ari den bidegabekeria salatzea. Etor litekeen Estatu Batuetako presidentearen eta Israelgoaren "Bake Akordio" esan dioten horren inguruan mesfidati dira: "Palestinarrak albo batean uzten ditu, hasteko. Iruzurra da", adierazi dute.
Arratsaldean mobilizazio gehiago izanen direla gogoratu dute: Iruñean, 18:30etan Merindadeen plazan batuko dira eta larunbatean, Antoniuttitik aterako den manifestazioan (12:00etan) parte hartzera ere dei egin dute.