Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak esan zuen Lanbide Heziketako "sektore jakin batek" salatzen dituen ordu murrizketak ez direla benetakoak. Baieztapen horrekin ez datoz bat Virgen del Camino LHIko irakasleak: "64 ordu izan genituen iaz bigarren mailako ikasleei arreta eskaintzeko enpresekin hasten dituzten praktikak kudeatzeko. Aurten hamalau ordu gutxiago ditugu eta lan zama handitu digute. Izan ere, lehen mailako ikasleek ere izanen dituzte aurten praktikak. Alegia, ikasle kopurua bikoiztu eginen den honetan, horretara bideratzen diren orduak gutxitu egin dizkigute", adierazi du Urtzi Beroiz Virgen del Camino LHIko irakasleak.
"Ikusi dute orduek ez dutela ematen arreta eskaintzeko", uste du Beroizek. Horregatik, beste funtzioak zituztenek, koordinazioa, tutoretza... ordu guxtiago eskaini beharko dizkiete horri ikasleei enpresetan arreta eskaini ahal izateko: "Barne lana egiteko lan orduak gutxituko dizkigute, beraz", azaldu du. "Gimenok ez dakit buruan zer duen. Gure Lanbide Heziketako zentroren batetik pasa ote den ere ez dakit. Inola ere ez datorrelako bat berak esaten duena eta errealitatean gertatzen dena", kritikatu du.
Grebara deitu dituzte irakasleak
Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek grebara deitu dituzte Nafarroako Lanbide Heziketako irakasleak azaroaren 3an, 4an eta 5ean, Foru Gobernuari eskatzeko "etapa horretarako behar diren baliabideak berehala eman ditzala, ikasturte honetan bertan bermeekin egiteko". "Konpondu ezean, ez dugu baztertzen greba edo mobilizazio gehiago egitea, bai Lanbide Heziketan, bai hezkuntzako gainerako sektoreetan", ohartarazi dute.
Urtzi Beroizi Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.