Saharar herria babesten duen Baztan-Bidasoako taldea, Saharaztan, tonbola bat prestatzen ari da Elizondoko udazkeneko ferietan jarri ahal izateko, urriaren 24 eta 25ean. Asmoa da, tonbola horrekin lortzen duten dirua 'Oporrak Bakean' egitasmorako bideratzea. Udan urtero iristen dira haur sahararrak Nafarroara egitasmo horri esker eta sortzen diren gastuak apaltzeko helburu du azoka egunetan jarri nahi duten tonbolak. Herritarrak, entitateak, artistak, enpresak ... deitu dituzte dohaintzak egin ditzaten tonbolan sari gisa jarri ahal izateko. Tonbola horretan saltzen den guztiaren dirua Oporrak Bakean egitasmora bideratuko dute. Parte hartu ahal izateko saharaztan@hotmail.com helbidera mezua bidaltzen ahal da. Urriaren 10a arte egiten ahal da edozein motatako dohaintza.