Raimundo el Canasteroko kideak, Lizarrako alkatearen salaketetatik absolbituta

Inhar Iraizotz Errekalde 2025eko irailaren 30a

'Beef D' Alda' abestiaren hitzak ez direla mehatxu edo irain delitu ebatzi du epaileak, eta Lizarrako txoznagunearen debekuak sortutako testuinguruan ulertu behar direla defendatu du.

 

Raimundo el Canastero musika taldeko bost kideak absolbitu ditu Lizarrako Auzitegiko epaileak. Defentsak gaur jaso du sententzia, eta sare sozialen bidez iragarri du albistea talde lizarratarrak. Kideak adierazpen askatasunerako eskubidearen babesean direla argudiaturik, 'Beef D'Alda' abestian Marta Ruiz de Alda Lizarrako alkateari buruz esandakoetan deliturik ez dela ebatzi du epaileak.

Euskal Herriko 237 musikarik Raimundo el Canasteroko auzipetuei babesa eman zieten, eta Lizarran babes zabala erdietsi zuten. Ander Mazkiaran musikariak azaldu duenez, "Lizarran zegoen haserre eta protesta giroari gure aletxoa besterik ez genion jarri argitaratu genuen kantuarekin, besterik ez, eta epaileak ere horrela ulertu du".

Izan ere, 2024ko abuztuan polemika bizia sortu zuen herrian Marta Ruiz de Alda UPNko alkateak, Lizarrako txoznagunea herrigunetik aldentzeko eta La Bota peñaren txozna debekatzeko aldebakartasunez harturiko erabakiaren ondorioz. Milaka pertsona mobilizatu ziren deialdi horren ingurumarian izandako mobilizazioetan, eta udaletxearen deliberoaren kontrako sentimendua indartsu zabaldu zen joera politiko desberdinetako herritarren artean. Hain zuzen, testuinguru horren erdian karrikaratu zuten Beef D’Alda kantua Raimundo el Canasteroko kideek. Orduan, "Karrikan isilarazi ezin zuen aldarria, judizializatzeko estrategia hartu zuen UPNk, bai kantuaren kasuan, bai Bajadikako 27 auziperatuen kasuan", Mazkiaranen iritziz.

Lizarrako UPNk alkatearen kontrako «irainak» eta «mehatxuak» ikusi zituen kantuan, eta hasiera batean, auzia bide penaletik bideratzeko ahalegina egin zuen, "gorroto delitu" gisa. Haatik, Lizarrako auzitegiaren esku gelditu zen prozesua, eta ororen buru, delitu arin gisa izan da epaitua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!