Euskarazko komikigintza sustatzeko asmoz, hainbat komikizale eta komikigilek Euskal Komiki Eguna ekimena abiarazi dute. Lehenengo edizio honek "urtero egun berean jarraipena izateko asmoa" daukala iragarri dute antolatzaileek, hartara.
Baina, zergatik hain zuzen ere irailaren 29a? "Izan ere, 1977ko irailaren 29an argitaratu zen Olariaga handiaren Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta, geroztik milaka zinta izan dituena eta 48 urteren ondoren argitaratzen jarraitzen dena". Orduan, 1970-80ko hamarkadetan, izan zuten hasiera euskarazko komikigintzaren ekimen garrantzitsu askok (Ipurbeltz, Habeko Mik, Napartheid...), gero beste batzuetan jarraipena izan dutenak (Xabiroi, H28, Tupust!...), ekimenaren sustatzaileek nabarmendu gisan, "gaur egungo euskarazko komikien oparotasun garaiotara ekarri gaituztenak". Horrela, "iragana, oraina eta etorkizunaren lotura sinbolizatu nahi du" Euskal Komikiaren Egunak.
Egunarekin bat egiteko, inguruan ditugun hainbat sortzaileri euren komiki gomendio eta hausnarketak helarazteko eskatu diegu. Maite Mutuberria, Ainara Azpiazu Axpi, Mikel Santos Belatz, Joseba Larratxe Josevyski eta Joseba Beramendi Exprai egileek euren gomendioak luzatu dizkigute gaurko saioan.
Egunaren antolatzaileek nabarmendu bezala, euskarazko komikigintza une oso onean dago, "bai argitaratzen diren komiki-kopuruari dagokionez bai horien kalitateari dagokionez". Datuak argigarriak dira, zentzu horretan: Xabiroi aldizkarian eta hainbat komunikabidetan aritzen diren zintagileak ahaztu gabe, azken urteotan 50 komiki album argitaratu dira urtero euskaraz. Urte bakoitzean argitaratutako komikien heren batean euskal egile bat behintzat aritu da gidoian, marrazkigintza edo koloreztatzean.
Adibidez, 2022 urtetik euskal egile hauek hartu dute parte euskarazko komikiren batean, eta 100 sortzaileen mugatik hurbil jartzen gaitu zerrendak: Marko, Aiert Zubigarai 3izkai, Kote Camacho, Xabier Sagasta, Gregorio Muro Harriet, Joseba Beramendi Exprai, Amaya Echevarria, Tiago Battesti, Garbiñe Ubeda, Ekaitz Agirre Garluk, Maitena Illarramendi, Iñigo Sarasola, Iñaket, Mikel Begoña, Adur Larrea, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Yurre Ugarte, Ainara Azpiazu Axpi, Iñigo Larramendi, Eneko Lizardi, Angel Rekalde, Amaia Ballesteros, Uxue Alberdi, Alex Sanvi, Koldo Izagirre, Patxi Huarte Zaldieroa, Joseba Larratxe Josevisky, Amaia Carrere , Kike Infame, Dani Fano, Unai Elorriaga, Alex Orbe, Goio Bañales, Jon Mikel Bañales, Pello Varela, Asier Iturralde Gaston, Susanna/zuz martin, Iñaki Martiarena Mattin, Peio Camara, Iban Zaldua, Asisko Urmeneta, Iñaki Holgado, Xabier Etxeberria, Martin Etxeberria, Sergio Ortiz de Zarate, Iker Bildosola, Pedro Rivero, Fernando Alonso , Fernando San Vicente, Alex Tello, Julen Ribas, César Oroz, Aritz Ibarra, Paula Estévez, Agustín Ferrer Casas, Igor Sarralde Ussia, Javier de Isusi, Imanol Etxeberria, Noemi Gallego, Begoña Garrido, Oskar Gorroño...; eta Tupust! kolektiboak sortu dituen 3 antologietan parte hartu dute 60 emakume inguruk eta baita pertsona ez bitarrak eta gizon batzuk.