Urriaren 1eko Adineko Nazioarteko Egunari begira jarri dira gaur kalean Iruñeko Pentsiodunen Mugimendutik. Protesta egiten dute astelehenetan Iruñeko Udaletxe plazan, eta gaurkoari manifestazio forma eman diote Nazioarteko egun horri keinu eginez.Adinekoen eskubideak eta beharrak babesteko eskatu dute eta euren aldarrikapenak ikusarazteko atera dira kalera. Pentsioetara begira jarri dira: 1.080 euro eskatu izan dituzten azken urteotan, baina zenbateko hori jada zaharkitua geratu zaie, eta lanbidearteko gutxieneko soldataren pare izateko galdegiten ari dira. Hemen ere, emakumeengan jarri dute soa: eurak dira pentsio txikienak dituztenak ez baitira aintzat hartzen zaintzan emandako denbora guztia.
Zainketak jarri dituzte erdigunean. Eurek eskainitakoak aipatu dituzte, baina eurei zor zaienaz ere mintzatu dira. Izan ere, egun ematen du, adin batera iritsi eta erresidentzia batera joatea baino ez dagoela. Diote, etxean geratzeko aukera ere bermatu beharko litzatekeela, horren aldeko gero eta jende gehiago dagoelako: "Etxean gelditu ahal izateko etxez-etxeko zerbitzua indartu beharra dago. Erresidentzia batean bizi nahi duenak ere izan beharko luke aukera beste eredu bateko egoitzak topatzera: auzokoak, txikiak eta seguruak izanen direnak, adibidez", azaldu du Sarobek.
Inoiz baino gehiago, Palestinarekin ere akordatu dira. Basakeriaren aurrean hitz huts gutxiago eta ekintza gehiago exijitu dituzte.