Belateko tunelen proiektutik kanporatu dute Servinabar

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 25a

Acciona eta Osés eraikuntza enpresen esku geldituko da Belateko tunelak eraikitzeko egitasmoa. Enpresa horiek segurtatu dutenez, ekainetik proiektutik kanpo dago Servinabar.

Belateko tunelak eraikitzeko aldi baterako enpresa-elkartetik kanpo gelditu da Servinabar. Antxon Alonso enpresaburuak zuzendutako enpresa horretan, Santos Cerdan PSOE-PSNko buruzagi ohiak izan zezakeen parte hartzea ikertzen ari dira. Izan ere, Servinabarren akzioen %45 Cerdanek eskuratu zituela baieztatzen dute Guardia Zibilak legebiltzarkide nafarraren etxean atzemandako dokumentu batzuek.

Joan den ekainean zapartatu zen PSOE-PSN inarrosi zuen ustelkeria kasua, eta ordutik, Acciona Construcciones eta Excavaciones Fermín Osés enpresek jakinarazi dutenez, Alonsoren enpresak Belateko proiektuan zuen parte hartzea etenda gelditu zen, dena argitu bitartean. Hiru hilabete geroago, ordea, Acciona Construcciones eta Excavaciones Fermín Osés enpresek Servinabarren kanporatzea formalizatu dute Belateko tunela bikoizteko obren esleipena jaso zuen aldi baterako enpresa-elkartetik. 

Accionak elkartearen %55 zuen, Osesek %30 eta Servinabarrek, %15. Aitzitik, azken horren kanporatzearekin Accionak % 64,7 izanen du, eta Osesek % 35,3.

Belateko tunela bikoizteko lanak 76 milioirengatik esleitu ziren, eta bere partaidetza-kuotagatik 1,86 milioi zegozkion Antxon Alonsoren enpresari. Hiru enpresek 12,4 milioi euro jaso zituzten Belateko tuneleko obren lehen urtean, eta ordainketen %37 (4,7 milioi) ustekabeen eta prezioak berrikustearen ondoriozko gainkostuei dagozkie.
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!