Berrogei urte joan dira Mikel Zabalza Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. Mikel Zabalza 40 urte gogoan plataformak egitasmoa prestatu du zenbait kolektiborekin elkarlanean (Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenak, DBuseko langileak, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak) eta irudi berritu batekin. Erantzun gabeko galderak dituztelako oraindik, eta belaunaldi berriek ere ezagutu dezaten gertatutakoa haria eten gabe: "Erakunde batzuen aitortza jaso du Zabalzak, 2022an Eusko Jaurlaritzarena eta 2024an Nafarroako Gobernuarena, baina kontakizun osoa ez da oraindik azaleratu: zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola... eta erantzunen bila goaz", azaldu du Ainhoa Bueno Munarriz Aezkoako Mikel Zabalza gogoan egitasmoko kideak.
Aurten, urteurren borobila dela aprobetxatuta Mikel Gogoan 40 urte egitasmoa irudi berriarekin ari da ekimen zenbait aurkezten: "Memoriaren haritik tiraka sortu dugu aurten garatuko dugun egitasmoa. Mikel Zabalza Donostuako autobus publikoetako langilea zen eta 1985ean Guardia Zibilak atxiki, torturatu eta erail zuen. Gertakariak, eztabaida politikoaren erdigunean, mobilizazio sozial errraldoia eragin zuen Euskal Herrian, manifestazio jendetsu andana eta greba orokor bat egiteraino. Desagertuta egon zen hogei egunetan izandako ekintza horien artean, bere lankideek egindako protesta ikonikoa izan zen: Hemen ez dago gidaria, non dago? zioen pankarta Donostiako udaletxeraino eraman zuten autobusteik zintzilikatutako pankartak eta 40 urteren ondoren ekintza hori berreskuratuko dugu", azaldu du Buenok. Herri memoriak bizirik segitzea da egitasmo berriaren helburua. Duela berrogei urte sinboliko bilakatu zen ekimen bat berreskuratuz:"Azaroare 26tik abenduaren 14ra Mikel Zabalza desagertuta izan zenen egunetik, Bidasoa ibaian agertarazi zuten egunera arteko datetan, autobus batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du: Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz" xehetu du. Zabalza auziaren no0ndik norakoak ezagutarazteko baliatuko dute, izan ere, autobusak erakusketa bat eramanen du barruan eta tokian toki hainbat ekintza antolatuko dituzte autobusaren bueltan. Abenduaren 14an emanen diote hasiera egitasmoari, Donostian eginen duten ekitaldi nagusi batekin.