Karey Solano enpresak Lodosako lantegia itxi eta 36 behargin kaleratuko ditu. Zuzendaritzak hartzekodunen konkurtsoa gauzatzeko eskaera egin zuen ekainean, ordezkaritza sindikalak ez du irailera arte horren berri izan. CCOO sindikatuko ordezkariek gaitzetsi dutenez, «zuzendaritzak fede txarrez jokatu du, informazioa ezkutatu du eta langileak engainatu ditu».
Kanporatuak izanen diren 36 langileen bataz besteko adina 50 urtekoa da, eta antzinatasun handia dute enpresan. Hori dela eta, ordezkari sindikalek ohartarazi dutenez, legeak zehazten duen gutxieneko kalte-ordaina eskaini asmo du zuzendaritzak langile bakoitzari, kontratua eteteagatik. Hots, hogei eguneko lansaria, orotara enpresan lanean aritutako urte bakoitzeko. Uztaileko soldata berandu jaso zuten langileek eta abuztukoa ordaindu gabe dute oraindik. Horrek, «prekarietate eta ziurgabetasun» egoeran utzi ditu. Karey Solanoko buruek, Soldatak Bermatzeko Funtsaren (Fogasa) esku utzi nahi ditu beharginak. Karey Solanok nazioartera esportatzen ditu bere ekoizpenak, bereziki Frantziara.
Ordezkari sindikalek azaldu dutenez, 2023-2024 bitarteko oinetako kanpainan, «etekin handiak» bildu zituen enpresak, eta salmenta horien ondorioz «dendetan stock handia geratu zen», eta hain zuzen, azken hilabeteetan ekoizpen maila «apaltzea» eragin zuen horrek. Egoera horren aurrean, ordezkaritza sindikalak hainbat bilera eskatu dizkio zuzendaritzari, baina enpresak mezu lasaigarriak besterik ez zizkien helarazi. Sindikatuak bilera eskatu dio orain Nafarroako Gobernuari, Foru Erkidegoan industria-itxiera berri horren aurrean bitartekari lanak egin ditzan.