Lanbide Heziketak Nafarroan bizi duen «egoera larria eta baliabide eskasia» salatu du gehiengo sindikalak

Inhar Iraizotz Errekalde 2025eko irailaren 19a

Lan zama handitzearekin batera, irakasleei lanorduak murriztu dizkietela salatu dute sindikatuek. Lan baldintzen okertzeari aurre egiteko, mobilizazioak iragarri dituzte hezkuntzako sail desberdinetan.

Ezinegonez beterik hasi dute ikasturtea Nafarroako Lanbide heziketako zentroetan. LH Dualaren ezarpenaz Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariak egindako irakurketa «triunfalista», errealitatetik urrun dela gaitzetsi dute sindikatuek. Izan ere, erreforma berriarekin irakasleei eskatutako lanak «biderkatu» egin dira, eta paradoxikoki, horiek egiteko orduak murriztu. Azaldu dutenez, «sektoreko araudi berriaren ondoriozko antolamendu aldaketak ez dira behar beste baliabiderekin hornitu».

Ikasturte hastapeneko agerraldian Gimeno kontseilariak jakitera eman zuenez, 200 ordu gehiago esleituko dira 2025-2026 ikasturtean, praktikaldiko ikasleak hartzen dituzten enpresa eta erakundeekin koordinatzeko eta antolatzeko. Baina sindikatuek zehaztu dutenez, «kontseilariak ordu gehiago iragarri baditu ere, ez du esan eskaintzan ziklo berriak daudenik. Gainera, Nafarroa osoan dauden Lanbide Heziketako hogei ikastetxeen artean 200 ordu banatuz gero, ikastetxe bakoitzerako ez litzateke irakasle bat gehiago ere izanen».

Praktiketan diren ikasleen jarraipen pertsonalizatua egiteko ardura dute hezitzaileek. Besteak beste, gizarte segurantzako alten kudeaketa, ikasle bakoitzarekin lantegira bisita egitea, enpresaburuei Dualaren sistema berria ezagutaraztea, enplegurako prestakuntzari buruzko informazioa ematea edota enpresekin hartu emanak izatea. Tutoretza lan horiek egiteko astean lau ordu zituzten iaz irakasleek, baina dualaren erreformak ordu bakarrera murriztu du tarte hori. Aitzitik, aurten bigarren zikloko ikasleez gain, lehen mailako ikasleek ere praktikak egin beharko dituzte.

Sindikatuen aburuz, nafar hezkuntza departamenduak ez du lege berria ezartzeko beharrezkoak diren inbertsioak mahi gainean jarri. Egoera horren parean, mobilizazioak iragarri dituzte, eta bidenabar, lan baldintzen okertzea hezkuntza sail osoari eragiten diola oroitarazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!