Kasedako alkatearen kontrako zentsura-mozioa iragarri du oposizioak

Inhar Iraizotz Errekalde 2025eko irailaren 16a

1999tik alkatetzan izan den Jesús Antonio Esparzaren lekukoa hartuko du Sergio Lanas Remón Cáseda Avanza-ko hautagaiak. Udalaren funtzionamendua «bideraezina» dela ohartarazi dute, egungo udal gobernuaren «gardentasun eskasa eta blokeo egoera» dela eta. 

Udal gobernu berri batek hartuko du Kasedako herriaren gidaritza. Bina zinegotzi dituzten Kasedako Langileak eta Cáseda Avanza taldeek bat egin dute, Agrupación San Zoilo-ko Jesús Esparza Iriarte kargugabetzeko. Orain arte alkate izandakoari hainbat kritika zuzendu dizkiote, besteak beste, boterea bere figuraren inguruan zentralizatu izana, urtarriletik osoko bilkura arruntak gelditu izana, edota aldi baterako proiektu eta kontratuak gardentasunik gabe esleitu izana.

Esparza UPN alderdiko foru legebiltzarkide izan zen 2012-2015 artean, Yolanda Barcinaren gobernuaren garaian, eta 1999tik izan da mila biztanletik beherako herri honen alkate. Legealdi hau izan da beretzat gehiengo absoluturik gabeko lehena. Azken udal bozetan, hiru zinegotzi erdietsi zituen bere eskuineko taldeak, eta bina Caseda Avanza eta Kasedako Langileak zerrenda ezkertiarrek. 

«Akitu zaigu pazientzia»

Hitz horiekin hasten da Caseda Avanza talde politikoak plazaratutako komunikatua. Azaldu dutenez, ez dute bat egiten udalak duen funtzionamenduarekin. 2023an Kaseako Langileak taldearen babesarekin alkatetzaren makila eskura izan zuten, baina ez zuten «bideragarri» ikusi ardura beren gain hartzea: «Gure herria hobetzea xede duen, baina udalean inoiz egon ez den talde gazte bat gara. 2023an ez genuen bideragarria ikusi bi zinegotzirekin alkatetza eskuratzea, garaian ez baikenuen inolako udal esperientziarik. Gainera, lehen aldiz gehiengo absoluturik ez zegoenez, desberdinen arteko elkarrizketa areagotuko zela uste genuen, baina ez da hala izan».

Idatzian salatu duten bezala, Jesús Esparza alkateak gehiego absulutua balu bezala jardun du azken urteetan, eta hainbat adibide zerrendatu dituzte: bere burua udal batzorde guztietako presidente izendatu zuen, hautetsiei iristen den informazioa «partziala» da, urtarriletik ez da osoko bilkura arruntik egin «taldeen parte hartzeko gaitasuna baliogabetuz», aldi baterako kontratuak «pertsona bakarrez eta askotan oinarri arautzailerik gabe» egin izan dira, proiektuen gaineko dokumentazioa «anitzetan ez dira osoko bilkurak deitu arte partekatzen», eta osoko bilkurak onartutako premiazko mozioak «ez dira aplikatzen edo alkatearen interpretaziopean aplikatzen dira». Gaineratu dutenez, alde zaharreko karriken osasungarritasuna «penagarria» dela gaitzetsi dute, eta «zikinkeria-fokuek ez dutela etenik».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!