Berriobeitiko lantegia itxiko du Saint-Gobainek, 45 langile kaleratuz

Inhar Iraizotz Errekalde 2025eko irailaren 16a

Enpresa batzordeak neurria errefusatu du eta «deslokalizazioa» dela salatu du. Europan dituen lantegietara bideratuko du ekoizpena Saint-Gobainek. Administrari eta komertzial taldeak mantenduko dituzte.

 

Nafar industriak galera berri bat pairatuko du. Saint-Gobain multinazional frantsesak iragan astean jakinarazi zuen bere ekoizpena Europan barrena sakabanatuak dituen lantegietara lekualdatzeko asmoa. Egituretarako eta errendimendu handiko materialak fabrikatzen ditu Saint-Gobainek, eta 91 pertsona lanarazten zituen Berriobeitiko zentroan.

EEE Enplegua Erregulatzeko Espedienteak eskoizpen arloko 45 langileei eraginen die, plantillaren erdiari hain zuzen. Sindikatuek ohartarazi dutenez, kaltetutako langileen bataz besteko adina 50 urtekoa da, eta 25 eta 30 urte bitarteko antzinatasuna metatzen dute. Administrari eta komertzialen taldeak, ordea, lanean jarraitzen ahalko du. Nafarroko zentroan ez ezik, espainiar estatuan barna ere hainbat komertzial lanean ditu Saint-Gobainek.

Enpresak eta sindikatuek negoziazio aldia irekiko dute datozen lau asteetan zehar. Urriaren 15era arte, kontratuak amaitzeko kontsulta-aldia abiatu aurretik, aterabide bat atzematen saiatuko da enpresa batzordea. horretarako, Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza galdegin dute. Nolanahi ere, zuzendaritzari presio egiteko xedez, mobilizazio egutegia ere antolatzen hasi dira.

Saint-Gobain multinazionalak 63 ekoizpen-gune ditu munduan barna, 10.500 langile baino gehiago, eta 27 herrialdetan du presentzia. Bere salmenta zifra 40.000 milioi dolarretik gorakoa da, eta 2005ean Britainia Handiko BPB konpainia erosi zuen, estaldura plaken fabrikatzaile handiena. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!