Gizonen Osasunak gorabeherak izan zituen Rayo Vallecanoren kontra, eta itota ibili zen bigarren zatiaren hasieran. Hala ere, etekina atera zien Raul Garcia de Harok eta Iker Benitok egindako golei: 2-0 nagusitu zen. Emakumeek, berriz, 3-2 irabazi zioten Real Madril B-ri.
Eraikitze fasean da oraindik Alessio Lisciren Osasuna, baina Sadarren harresia altxatu du dagoeneko: bi partida jokatu ditu etxean, eta biak irabazi ditu. Atzo ez zuen bere bertsiorik distiratsuena eman, baina intentsitatea, mugikortasuna eta sufritzeko gaitasuna uztartuta, gai izan zen Iñigo Perezen talde landuari irabazteko.
Hori horrela, Osasuna bederatzigarren posturaino igo da sailkapenean. Sei puntu ditu zorroan; jaitsiera postuak bost puntura ditu dagoeneko, eta Europakoak puntu bakarrera. Hurrengo partida larunbat honetan jokatuko du, Vila-realen zelaian.
Emakumeen taldeak, berriz, Real Madril B menderatu zuen atzo Taxoaren. Ligako bigarren jardunaldiko partida izan zen, eta gorritxoak 3 eta 2ko emaitzaz nagusitu ziren. Osasunaren golak udan iritsitako hiru jokalarik sartu zituzten: Claudia Jimenezek, Andrea Palaciosek eta Ana Urzainkik.
Gauzak hala, Josu Dominguezen taldea seigarren dago orain sailkapenean. Larunbatean Tenerife izango du aurkari, etxetik kanpo.
Hori guztia aztergai Kirolerria saioaren denboraldi berriaren estreinaldian.