230 pisu turistiko gutxiago Nafarroan. Espainiako Etxebizitza ministerioak erregistro zenbakia ukatu die hainbat etxe jaberi. Ministerioak argudiatu duenez, etxebizitza multzo horrek ez zuen uztailaren lehenetik indarrean den etxebizitza turistikoen gaineko legea betetzen. Ondorioz, sareko plataformak iragarki horiek ezabatzera behartuak izanen dira.
Alokairu turistikoen iruzurrari “aurre egiteko” xedez, sareko erregistro leihatila zentralizatua sortu zuen Espainiako etxebizitza ministerioak, erregistro guztiak bildu eta sareko plataforma desberdinetan argitaratutakoekin erkatzeko. Gisa horretan, kodigorik ez duten eta beraz legez kanpo diren pisu turistikoak atzematen dituzte.
Nolanahi ere, bizitegi turistikoen baimenak udalen esku dira Nafarroan, eta nafar gobernuak ezarri ditzakeen neurrien baldintzapean izan daiteke.
Nafarroan 1.303 pisu turistiko zenbatu zituzten uda hasieran, horien erdia baino gehiago Iruñean (751), Tuteran (71), Baztanen (52) eta Lizarran (51).