Gizonezkoen Osasuna esku hutsik itzuli da Bartzelonatik, Espanyolen kontra 1 eta 0 galdu eta gero. Talde kataluniarra hobetu aritu zen, baina gorritxoek ere ez zuten jakin izan haien aukerak aprobetxatzen. Garbiena, partida bukatzear zela Catenak izan zuena berdinketa lortzeko.
Hasieratik aritu zen hobeto Espanyol. Presio handia egitearen ondorioz, Osasunak ez zuen aukerarik izan baloia jokatzeko. Beste behin ere Sergio Herrera bikain aritu zen eta hari esker hutsean geratu zen gorritxoen atea lehen zatiaren amaieran. Budimirrek gola egiteko aukera ere izan zuen lehen zatiko bukaerako minutuetan Victor Muñozen jokaldi on baten ondoren.
Tentsiorik gabe abiatu zuen Osasunak bigarren zatia eta Espanyolek aprobetxatu zuen markagailuan aurrea hartzeko. Defentsak gaizki urrundutako erdiraketa baten ondorioz, baloia area ertzean geratu eta Romerok gola egin zuen erremate eder baten ondorioz.
Gola jaso eta gero ikusi ziren Osasunaren minuturik onenak. Jokoaren kontrola hartzen joan zen baina aukera garbirik sortu gabe. Garbiena, luzapenean izan zuen. Rosierren erdiraketa zoragarria atera bultzatzea besterik ez zuen Catenak, baina huts egin zuen. Gauzak horrela, talde gorritxoa hiru punturekin iritsi da Ligako lehenengo etenaldira. Partida bat irabazi eta bi galdu ditu. Nabarmentzekoa, fitxaketa berrien joko ona eta taldeak aukerak izan dituela puntuak lortzeko hiru neurketetan. Gaur izango da jokalari berriak fitxatzeko azkeneko eguna. Ikusteke taldeak jokalari berriren bat fitxatzen duen.