Madrilgo Trantsizio Ekologikoko Ministerioak baztertu egin du Forestaliak bultzatutako goi tentsioko linea. Proiektuak Nafarroako erdialdeko eta Sakanako hainbat herri zeharkatu behar zituen, Aragoitik abiatu eta Arabaraino zihoan goi tentsioko autobidearen bitartez. Arabako lurraldeetan ebakuazio-azpiegiturak planteatzen zituen eta lau parke eoliko aurreikusten ziren Tausten. Orain, espedienteak artxibatu ditu Madrilgo Gobernuak.
Proiektuaren aurka agertu dira azkeneko hilabeteetan bai Nafarroako Gobernua, bai eta kaltetutako hainbat udal, eta mobilizazioak ere antolatu ziren proiektu pribatu horrek ingurumenean sortu behar zituen kalteak salatzeko. Laura Aznal, EH Bilduko bozeramaleak txalotu du erabakia eta bere sare sozialen bitartez albiste ona dela adierazi du. “Lidergo publiko argi batek gidatuko eta gure lurraldearen aldeko trantsizio energetikoa defendatzen jarraituko dugu”.
Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialak jaso ditu Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren ebazpenak. Zehazki, proiektuek Miranda de Ebron ebakuazio-azpiegiturak planteatzen zituzten, baina Berantevilla, Armiñon, Erriberabeiti eta Gasteizko udalerriei eragiten zieten. Aurretik, martxoan beste linea elektriko bat baztertu zen, Aragoiko Tauste eta Gasteizko Jundiz poligonoak lotzen zituena, Arabako Lautada zeharkatuz.
Aragoiko Forestalia enpresak, Energía Inagotable Sociedad Limitada filialaren bitartez, uko egin dio Zaragozan Povidentia izeneko parke eolikoa eraikitzeko espedientea izapidetzen jarraitzeari. Izan ere ez du epearen barruan aurkeztu eskatzen zitzaion dokumentazioa, eta, beraz, Nafarroako udalerriak zeharkatzen zituen goi-tentsioko linearako sarbide- eta konexio-baimenak ere iraungi egin dira.