Valtierrako alkateak berretsi du, dagoeneko ezaguna zen jarrera baztertzailea. Pasa den ikasturtean, jaiotzak sustatzeko diru laguntzak ezarri zituen herrian, baina soilik azken 20 urteetan Valtierran bizi zirenendako. Ñabarduraren helburua argia da, azken urteotan gurera, bizi hobeagoaren bila etorritako pertsona migranteak laguntzarik gabe utzi. Nafarroako Gobernuak salatu zuen UPNko hautetsiaren jarrera eta atzo Nafarroako Kontseiluak berretsi zuen salaketa, diru laguntzak baztertzaileak direla esanda. Honetaz galdetu zitzaionean, Resak bere jarrera berresteaz gain, are urrunago joan zen eta SER katean egindako adierazpenetan gurera etorritako familiak “garestiegiak” direla esan eta gurasorik gabeko adintxikiko migranteak “Señoritoak” direla adierazi zuen.
Nafarroako Gobernuak, Ana Ollo lehendakariorde eta kontseilariaren bitartez, adierazpen hauek salatu ditu. “Lotsa eta haserrea sentitzen dugu, desberdinaren aurkako indarkeria sustatu eta gorrotoa erakusten duten adierazpen hauen aurrean” adierazi du Ollok, “Onartezina da ordezkari publiko batek horrelakoak esatea eta ildo horretan espero dugu bere alderdiak, UPNk, adierazpen hauek ezeztatzea”. Foru exekutiboak neurri legalak ere hartzeko aukera aztertuko ditu, “Lanean ari gara Valtierrako dirulaguntza baztzertzaile horiek bertan behera utzi eta ordezkari publikoa izatea merezi ez duen pertsona horren kontra egiteko”.