Osasuna 1 - Valencia 0

Lisciren Osasuna hasi da erritmoa hartzen

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 25a

Denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratu ditu Sadarren Osasunak, Valentziako taldearen kontra. Alessio Lisciren taldeak erritmo bizia proposatu zuen, baina indarrik gabe heldu zen amaierara.

“Disfrutatu dugu, aupa! Hiru puntu eta hurrengoaren bila!”, Ante Budimirren poztasuna agerikoa zen partida amaieran, denboraldiko lehen garaipena lortuta. Aldaketa asko gorritxoen joko moldean, baina aldaketarik ez  beharrezkoa denean, Budimirren gol gosean alegia. Zortzi minutu soilik behar zituen kroaziarrak, denboraldiko lehena sartzeko. Moi Gomezek, aurtengo fitxaketa izarra den Roslierri ireki zion jokoa, honek piztu zuen sua lasterketa biziarekin, Budimirren burura erdiraketa zehatza jarri aurretik. Kroaziarrak, area barruan ez zuen huts egin. Udako fitxaketa, Roslierrek eta Victor Muñoz gazteak, ekarpen handia suposatu dute taldean.

Goiz zen, zortzigarren minutua soilik eta Osasunaren gol festa ikusiko zela ematen zuen, are gehiago 20.minutuan Valentziako jokalari Gayak txartel gorria ikusi zuenean. Osasunak aukerak izan zituen, bi edo hiru gol gehiago egiteko, baina ez zuen asmatu. Lisciren taldeak, joko bizia proposatzen du, azkarra, goialdean presioa egiten hasten dena…baina gasolinak ez zuen iraun, eta 80.minututik aurrera ordulariari begira egon ziren gorritxoak, amaiera noiz iritsiko. Valentziak egin zuen orduan gola, zentimetro gutxirengatik baliogabetuta, Danjuma aurrelaria jokoz kanpo zelako.

Taldea martxan da eta etxeko lehen hiru puntuak eskuratu ditu joko ona erakutsita. Sistema berriak emozioak ekarriko ditu…baina oraindik badago lana egiteke. Alessio Lisci pozik amaieran: “Oso pozik nago, lehen 80 minututan eutsi diogulako presioari eta zelaiari, aurredenboraldian sufritzen genuen eta hobetzen ari gara. Garapena da garrantzitsuena, bigarren jardunaldian gaude eta Valentzia bezalako arerio baten kontra, oso pozik azaldutako jokoarekin; gaurkoa 35. Jardunaldian egin izan bagenu, bada bai kezkatuta egongo nintzateke; baina oraindik badugu denbora eta tartea hobetzeko…ahaztu gabe oso arerio ona izan dugula aurrean”.

Lehendabiziko bi jardunaldiak pasata, hamargarren da Osasuna hiru punturekin. Hurrengo partida, igandean jokatuko du Bartzelonan, denboraldi hasiera ona egiten ari den Espanyolen aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!