Mina Muga proiektuak inbertitzaile nagusia galdu du

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 20a

Txinako Qinghai enpresa inbertitzaileak finantzaketarik gabe utzi du Geolcali enpresarekin hitzartutakoa. Inbertsioa egin ahal izateko baldintzetako bat baimen guztiak indarrean izatea zen.

Mina Muga meategiaren proiektua kolokan beste behin. Txinako Qinghai enpresa inbertitzaileak finantzaketarik gabe utzi du Geolcali enpresarekin hitzartutako Zangozako proiektua; bertan behera utzi du 257 milioi euroko inbertsioa.

Proiektua berez geldirik zegoen 2023tik, epaileek baliogabetu zutenetik Nafarroako Gobernuak emandako baimena. Baina akordioaren baldintzetako bat zen baimen guztiak indarrean izatea inbertsioa egin ahal izateko, eta gainera, 'Cerdan auzia'-ren erdigunean dago meatzaritza proiektua, are gehiago, abiapuntua izan daitekeela dio Guardia Zibilaren txostenak. Eta hain zuzen, foru parlamentuko ikerketa batzordeari irregulartasunak aztertzea eskatu dio Sustrai Erakuntzak bestelako eragile ekologistekin batera.

Guztira, 257 milioi euro inbertitzekoak ziren Zangozako meatzea berrabiarazteko eta Geolcaliren jabe den Highfield Resources talde australiarrak munduan dituen beste proiektu batzuk sustatzeko. Baina Qinghaik inbertsioari uko egin dio konpainiaren egoera aztertu eta gero. Foru Gobernuak emandako lizentzia ukatzeaz gainera, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren txostena ere falta da, non proiektuak ingurumenean izanen duen eragina aztertu behar den.

Hala ere, Geolcaliren jabe nagusiak meatokia oraindik ere estrategikotzat jotzen duela adierazi du, eta zehaztu ez duen arren, proiektuarekin jarraitzeko beste finantziazio bide batzuk aztertuko dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!