Real Madrid 1 - Osasuna 0

Emaitzak ez dezala erakutsitako itxura ona ilundu

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 20a

Gizonezkoen Osasunak Ligako lehen partida galdu du Real Madriden kontra. Gorritxoek defentsa sendoa planteatu zuten Bernabeun eta zalantzazkoa izan daitekeen penalti baten bitartez soilik lortu zuten madrildarrek gola sartzea.

Urtetan, futbol zelai askotan, ohikoa izan den oihu sarkastikoa da, “Horrela, horrela, horrela irabazten du Real Madrilek”, Espainiako hiriburuko taldeak, epaileen laguntzarekin garaipena eskuratzen zuenean erantzuteko. Gaur ere modu horretan laburbilduko genezake atzo ilunabarreko partida. Horrela irabazten du Real Madridek. Izan ere Osasunak oso planteamendu sendoa egin zuen Santiago Bernabeun eta partida ona egin zuen arren, epailearen erabaki batek desorekatu zuen norgehiagoka, madrildarren mesederako.

Talde gorritxoak sendotasuna erakutsi zuen, ulertu ditu Alessio Lisciren aginduak eta batez ere defentsan bikain aritu zen, tarterik utzi gabe. Aurrekaldean aldiz ez zuen ezer planteatu eta apenas sortu zituen gol aukerak. Real Madrid ezinean aritu zen, eta epaileak asmaturiko penalti bati esker irabazi zuen partidua. Mbape area amaieraraino heldu zen Juan Cruzekin lehian, bien arteko borrokan, frantsesak jokalari gorritxoa zapaldu eta gero lurrera joan zen. Epailearen ustetan penaltia. Partida amaieran ere, txartel gorria ikusi zuen Bretonesek, araudiaren oso interpretazio zorrotza eginez.

Edonola ere, bagenekien zaila zela bernabeun puntuak eskuratzea eta taldeak erakutsitako itxura onarekin gelditu beharko gara.

Igandean Sadarren eginen du debuta denboraldi honetan talde gorritxoak, valentziaren kontra, arratsaldeko bostetan izanen den partiduan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!