Atzokoa ez zen egunik onena, Nafarroako erdialdean, tren baten barruan geldirik geratu edo ta batetik bestera ibili behar izateko, bero olatuaren egunik gogorrenean. Bada atzo eguerdian, eguzkia gogor jotzen hasi zen unean bertan, Iruñea eta Madril arteko trena geldirik geratu zen, Puiu eta Tafalla artean, katenarian arazo bat zela eta. Geldirik geratu eta argindarrarik gabe, aire girotua itzali zen trenean. 177 bidaiari barruan zituen. Berehala hasi ziren estutasunak, bidaiarien artean adineko pertsonak, haurdun zegoen emakume bat eta haur txikiak zirelako besteak beste. Termometroak gora egiten jarraitzen zuen. Puiutik bertatik egoera ikusita, elkartasuna martxan jarri zuten. Treneko ateak ireki, bidaiariak jaitsi eta batzuk oinez eta beste batzuk herritarren furgonetetan, herriko igerilekuetara eraman zituzten guztiak. Han behintzat, itzaletan, ur freskoarekin eta Udalak berak emandako janariarekin, itxaronaldia beste modu batean ikusi zuten 177bidaiariek. Arratsaldean heldu zen konponbidea, autobusetan, Erriberrira eraman zituzten, han trenera igo eta Madrilerako bidea hartu zuten.