Zarrakazteluko sutea itzaltzeko lanean jarraitzen dute

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 11

Zarrakazteluko sutea itzaltzeko lanak. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak

Larunbat gauen piztu zen sutea pinudi batean eta geroztik suhiltzaileak lanean dira sua kontrolatzeko. Ez dago arriskurik herritarrentzako eta une honetako egoerak etxeko leihoak irekitzea ahalbidetzen du.

Zarrakaztelun piztutako sutea itzaltzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek. Larunbatean iluntzean hasi zen sutea SOS Nafarroaren arabera, Larrate eta Figarolerako errepidearen arteko pinudi batean piztu zen. Sakan ugariko zonaldea da gainera, eta horrek suhiltzaileen lana zailtzen du.

Atzo eguerdirako inguratuta zuten sua, baina arratsaldean ez zuten kontrolatzea lortu eta gauean zehar suhiltzaileek lurretik lanean jarraitu dute. Oraindik ere, sutea piztuta dago eta goizean goizetik, agente berriak txandakatzen joango dira lanekin jarraitzeko, tenperatura altuak direla eta, langileen osasunak kezka eragin duelako. Gainera, argi baldintzek aukera ematen dutenean aireko baliabideak txertatuko dituzte.

Gobernuak argi utzi du sutea ez dela arriskutsua inguruko herritarrentzat, ezta inguruan dauden gari soroentzako ere. Hala ere, Babes Zibilak sutearen gunera ez hurbiltzeko eskatu die Zarrakazteluko eta Murillo del Frutoko biztanleei, kearen ondorioz arnas arazoak saihesteko.

Gauean eguraldiak hobera egin du eta une honetan bizilagunek leihoak ireki ditzakete etxeak aireztatzeko. Hala ere, bereziki adineko pertsonei edo arnasteko arazoak dituzten pertsonei, ahal den neurrian etxeko ateak eta leihoak itxita edukitzea gomendatzen zaie, kerik sar ez dadin.

Momentuz, lanak amaitu arte eta sutea guztiz itzali arte ez dakigu zein den zehazki kaltetutako eremua eta zenbaterainoko kaltea izan duen eremuan.

Egunotako tenperatura altuen eta haizeteen eraginez sute arriskua piztuta zegoen nafar lurraldearen eremu osoan eta suteen aurkako planaren bigarren maila berraktibatu behar izan zuten atzo goizean Foru Gobernuak, eta ondorioz laguntza eskatu Espainiako Gobernuari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!