Itzali dituzte atzo piztutako suteak

Maialen Huarte Arano 2025eko abuztuaren 6a

Suhiltzaileek kontrolpean dute atzo eguerdian Izarbeibarren piztutako sutea. Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietako lurrak erre dira; tartean, bilduta dauden zerealen lur batzuk eta pinudi bat. Ez da inor zauritu, eta egoera normaltasunera itzultzen ari da.

Nafarroako Suhiltzaileek 11:50ean jaso zuten sutearen abisua; Eunateko Andre Maria elizatik gertu piztu zela uste dute. Lau helikoptero eta karga hegazkin bat bidali zituzten bertara, bi Nafarroako Gobernuarenak eta beste biak Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarenak. Obanosko igerilekua hustu egin zuten, helikopteroek bertatik ura hartu ahal izateko.

Aurrekariak, gogoan

2022an sute handia izan zen eremu horretan bertan. Hustu egin zituzten Obanos, Legarda, Muruzabal, Belaskoain, Zabaltza, Bidaurreta, Etxarri, Ziritza eta Ubani herriak. Garesko Udalak tokia egokitu zuen herri horietako herritarrei aterpea emateko: Legarda eta Muruzabaletik ebakuatutako herritarrak Garesko frontoira eraman zituzten, baina gero bertatik atera zituzten, sugarrak herrira gerturatzen ari zirelako. 

Bigarren sute bat ere izan zen atzo

Artaxoa eta Larrarte artean ere beste su bat piztu zen arratsaldean, laborantza lurretan hori ere, eta NA-6020 eta NA-132 errepideak itxi behar izan zituzten. Iluntzean su hori ere itzaltzea lortu zuten, eta ibilgailuek bertatik igarotzeko baimena lortu zuten berriz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!