Izarbeibarren piztutako baso-sutea egonkortu dute. Muruzabal, Eneritz, Añorbe eta Obanos herrietan atzo arratsaldean piztu zen baso-sutea. Momentuz eragindako kalteen artean zereal soroak eta pinudi bat kaltetu du suteak.
Artaxoan piztutako bigarren sute baten ondorioz, NA-132 eta NA-6020 errepideak itxi behar izan dituzte, baina biak dagoeneko berriz zabaldu dituzte. Prebentzioa eta erantzukizuna eskatu ditu Maria Txibite foru presidenteak. Bihartik aurrera bero bolada dator eta “egoera meteorologiko konplexua” izango dela ohartarazi du Txibitek. Hartara, ezinbestekoa izango da tentuz ibiltzea.
Hala ere, Amparo Lopez Barne, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilariak "lasaitasun" mezua zabaldu zuen atzo. “Momentuz suteak ez du kaltetu inolako hirigunerik eta gure lehentasuna pertsonak babestea da”, gaineratu du.
Sute arriskua iragarrita zegoen astelehenetik tenperatura altuengatik eta haizeteagatik arriskua baitzegoen. Atzoko sutearen ondoren, kontseilariak nekazaritza, basogintza eta makineria astuneko lanak debekatu zituen, su arriskuagatik. Bitartean, basozainek lanean jarraitzen dute koordinazio- eta segurtasun-lanetan.