Arcelor Mittalek Legasako lantegia urte amaierarako ixtea aurreikusi du

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 30a

UGTko ordezkariek testua negoziatu eta sinatu dute, ELAk berriz, enplegu-erregulazioko espedienteak "irregulartasunak” dituela salatu du; "ez dira azken batzarrean langileek egindako eskakizunak jasotzen".

Azken enplegu-erregulazioko espediente (EEE) berri bat aurkeztu eta gero hartu dute erabakia: Legasako Arcelor Mittal lantegia urte amaieran itxiko dute. Hasierako proposamenak Aguraingo eta Nafarroako lantegiei eragiten zien, eta azken honek, Legasakoari besterik ez.

50 langile baino gutxiagori eragiten dienez, kontsulta-aldia bi astekoa izan da eta astelehen honetan egindako bileran, zuzendaritzak eta batzordearen gehiengoak aurreakordioa lortu eta langileek onartu dute. Izan ere, langileen izenean UGTk bi ordezkari ditu eta ELAk bakarra, eta lehenengo biak izan dira testua negoziatu eta sinatu dutenak.

Sindikatuak argudiatu duenez hamahiru pertsonak hartu ahal izango dituzte aurre-erretiroa, eta hogeik birkokatzea edo kaleratzeagatiko kalte-ordaina eskatu ahal izango dute. Horri eustea lehenetsi du UGTk, baina ELAk ordea, salatu du enplegu-erregulazioko espedienteak "irregulartasunak” dituela. Enpresak hartutako neurriak “zorrotzak” direla iritzi dio sindikatuak, "ez dira azken batzarrean langileek egindako eskakizunak jasotzen" eta uste dute akordioan zehaztasun asko falta direla.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!