Errolda agiriak emateko epea sei hilabetera ez luzatzeko gomendatu dio Arartekoak Iruñeko Udalari

Maialen Huarte Arano 2025eko uztailaren 23a

Hiru hilabeteko epean ebaztu behar izaten dira errolda agiri eskaerak. Azkenaldian izaten ari diren eskaera kantitate handiarekin sei hilabetera luzatzea eskatu zuen Iruñeko Udalak "giza baliabide eta teknikoak agortuak" zeudelako eta horrenbesteko eskaerari ezin ziotelako "garaiz" erantzuna eman. Arartekoak baina, etxerik gabeko pertsonen egoera are larriagotzen duela iritzirik gomendatu dio hiru hilabeteko epean erabakitzeko errolda-agirien eskaerak. 

Arartekoak Iruñeko Udala premiatu du etxerik gabeko pertsonen errolda agiriak hiru hilabetean ebaztera. Sei hilabeteko epera luzatu zuen azkenaldian Udalak prozesu hori, ikusita, zenbat jende ari zen eskaera egiten. Luzaketa hori bertan behera uzteko gomendatu dio Arartekoak ez direlakoan baldintzak betetzen epe horiek luzagarri egiteko.

Iruñeko Udalak legeari so, sei hilabetera luzatzeko eskatu zuen, ikusita Ekintza Sozialeko alorra gainezka egiten ari zela eta legeak horretarako aukera ematen duela, noiz eta "baliabide guztiak agortzen direnean prestazioa garaiz erresolbitzeko". Arartekoak dio, ez dela nahikoa esatea giza baliabide guztiak eta teknikoak agortu dituztela, izan ere, eskaera handitu dela-eta zer nolako neurri gehigarriak hartu diren ere ezagutu behar direla uste du. Errolda agiria eskatzen ari direnentzako kaltegarria den neurria izanda, ez du ontzat jo epe luzaketa. Bi hilabeteko epea du orain Iruñeko Udalak Arartekoari erantzuteko gomendioa betetzeko asmoa duen edo ez.

Elkarri Laguntza elkartearen salaketa bat dago Arartekoaren gomendioaren atzean. Errolda agirien eskaeretan atzerapenak zeudela ikusirik jarri zuen salaketa, eta jakinarazi zuen 70 herritar daudela ondorioak pairatzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!