Aurten 29 lan aurkeztu dituzte, haurrendako album ilustratuak sortzeko Iruñeko Udalak eta tokiko beste hamabost erakundek elkarlanean antolatzen duten sariketara. Epaimahaiak azpimarratu du gaur egun sormen-indar handia sumatzen dela sektore horretan, eta saritutako lana kalitate artistiko eta literario handikoa dela. Orkestra zooragarriaren bi sortzaileei 5.000 euroko sari bakarra eman diete eta Pamiela argitaletxeak argitaratuko du lana, datorren udazkenean.
Argumentuaren haria partitura bat da eta hiru kanten bidez istoriak aurrera egiten du, zirrara ezberdinetatik igarota. Albumaren amaieran QR kode batzuk erantsi dituzte albuma irakurri bitartean musika aditu ahal izateko. Izan ere, epaimahaien hitzetan: “begiekin gozatzeko, ez ezik, belarriekin entzuteko albuma ere bada”.
Orkestra zooragarria lana Galtzagorri elkarteak eta Iruñeko Udalak eskuz esku antolatzen duten Biko-Teka lantegian abiatu zen, azken urteetan Etxepare saria irabazi duten beste zenbait proiektu bezala. Lantegi horren xedea idazle eta ilustratzaile hasiberriak bikoteka lanean jartzea, eta elkarlan horretatik album ilustratu baten proiektua sortzea da.
Gotzone Butron eta Aitziber Raya Guardasola programan izan dira sorkuntza prozesuaz, elkarlanaz eta saritutako liburuaz hitz egiten.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!