Inko Iriarte (LAB): “Nafarroako enpresen %80ak ez du prebentzio neurri eta segurtasun formakuntza betetzen, hau asaldagarria da!”

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 4a

Nafarroako Gobernuak egin duen ikerketa txosten baten arabera, aztertutako enpresen %20ak soilik betetzen du prebentzio araudia. “Nafarroako lan istripu datu beltza objetibizatu dugu horrela” salatu du Euskalerria Irratian LAB sindikatuko Inko Iriartek, “Istripu, zauritu eta heriotzen ardura enpresariek dute berretsi da”.

Nafarroako Gobernuak Tafallaldeko enpresa ezberdinetan egindako ikuskaritzarekin osatu du txostena. Ez zuen publiko egin nahi baina LAB sindikatuak ekarri du argitara. Datuak argigarriak dira, LAB sindikatuko lan osasunerako arduradun Inko Iriartek azaldu bezala: “Soilik enpresen %22ak egin ditu istripu ikerketa egokiak, formakuntza egokia eman duten enpresak ez dira %23ra iristen, enpresen erdiak baino gehiagok ez du arrisku ebaluazio egokirik , enpresen %90ek ez du arrisku psikosozialak modu egokian ebaluatu, are gutxiago neurriak ezarri; soilik enpresen %5,3k egin ditu azterketa ergonomiko egokiak, arrisku kimikoak dauden enpresen %10ean soilik egin dira ebaluazio higienikoak, enpresen %80aren teilatuak ez daude estrukturalki prestatuta pertsonen joan-etorrirako edo mantentzerako. Identifikatutako egoera hau oso kezkagarria da txostenak gogoratzen duen bezala altueretako erorketen potentzialitatea eta indize altua dela aintzat hartuta, soilik enpresen %19k dauka prebentzio egitura hierarkiko txertatua eta enpresen %22k soilik egiten du prebentzioaren jarraipena”.

Datu hauek eskutan, azaldu dezakegu Nafarroak duen estadistika beltza lan istripuei dagokionez. Pasa den urtean 25mila istripu izan ziren eta 26 langile hil ziren lanean, aurtengo zifrak ez dira hobeagoak eta 12 egunean behin lan heriotz baten berri ematen ari gara. “Orain inoiz baino argigarriagoak. Orain objektiboki baitakigu enpresen prebentzio falta tasatuak eragiten duela ezbehar kopuru tragiko hori. Istripu eta gaixotasun bakoitzaren atzean patronal aseezina dagoela” esan du Iriartek, “Beste era batera esanda, enpresariek ez dute borondaterik laneko ez beharren kopuruari muga jartzeko eta beraien utzikeria kontzientearekin dira baja eragile nagusiak, bai lan istripuetan bai laneko gaixotasunetan”.

Ardura ere Nafarroako Gobernuarena da, “Nori dagokio enpresaburuek legea eta nahitaez bete beharreko prebentzio-neurriak bete ditzaten eragitea? Maria Txibite lehendakariak Lan Ikuskaritza propio baterako eskumenak eskatzen ez dituen bitartean, erakusten jarraituko dute Nafarroako langileen bizitzek bost axola zaizkiela” adierazi du LAB sindikatuko kideak, “Txosten honekin Gobernua ezin da beste alde batera begira jarri. Ezin da izan Iñaki Mendioroz Lan zuzendaria enpresaburuen dogmaren morroi izatea eta bere diskurtsoa zapuzten duen errealitate batekin akritiko izatea. Kontrara, baliatu behar du, behingoz, bide zuzena hartzeko: prebentzio-legea zorrotz betetzeko bidea, hain zuzen ere. Eta errealitate horren aurrean ezin du onartu orain arte enpresariek erabilitako jarrera negazionista. Horretarako, lehenengo pauso bezala eta txosten honetan oinarrituta, enpresariek lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina bertan behera utzi behar dute CEN patronalak eta Nafarroako Gobernuak”.

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!