E28

Kiran Bhatti eta Harri Oskaritz: "Harrotasunaren Egun kritiko eta intersekzional batean sinisten dugu, hau ez da Pride"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko eka. 12a, 18:47

Ekainaren 28an eginen den Harrotasunaren Egunean "kaleak hartzera" deitu du E28J plataformak. Eguna iritsi bitartean, hilabete osoan zabalduko den egitaraua atondu du, hitzaldi, tailer eta ekintza desberdinekin

Ekainaren 28an Harrotasunaren Egunak Iruñeko kaleak hartuko ditu, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak, zein sexu, identitate eta genero disidentziak aldarrikatze aldera. "Aldarrikapena eta borroka" izanen dira egunaren zeinu nagusiak, kolektibo desberdinak bere baitan biltzen dituen E28J plataformako kide diren Kiran Bhattik eta Harri Oskaritzek nabarmendu bezala: "Harrotasunaren Eguna ikuspegi kritiko batetik egiten dugu. Gure borroka politikoa da, ez gara maitasun libre kontu batetaz ari. Hau ez da Pride. Gure borroka intersekzionala da, sistema zis hetero patriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitistak zapaltzen dituen beste borrokak barne hartzen dituelako. Gure helburua zapaltzen gaituen sistema hori dinamitatzea da". 

Helburu horrekin ekainaren 28an Iruñeko kaleetara atera eta Baluartetik arratsaldeko 19:00etan aterako den manifestaldiarekin bat egiteko deia egin dute plataformatik. "Ezkutuan egon diren gorputzak eta genero disidentziak agerian uztea jada bada hautu politikoa eta erresistentzia modua. Apustua egiten dugu kaleak okpuatzeko eta espazio desberdinak hartzeko, baita munduarekin harremantzeko beste antolaketa moduak proposatzea". Harrotasunaren Egunak gizarte osoa interpelatzen du, "LGTBIQ+ borroka ezin delako modu isolatuan ulertu, mundu hobeago baten aldeko borroka da". 

Ekainaren 28ko manifestaldiaz gain, E28J plataformak hilabete osoko egitaraua prestatu du. Jardueretako batzuk dagoeneko egin diren arren, datozen egunetan hainbat jarduera aurreikusten dira. Hurrengoak, ekainaren 12an Nafarroako Antzerki Eskolan eginen den bollo bertso-saioa, arratsaldeko 19:00etan; eta ekainaren 14an eginen den egun osoko jaia ere. Oraindik txartelak eskuratu daitezkeela gogoratu dute plataformatik. Runa parkean izanen da bazkaria, arratsaldean DJ-k eta bestelako jarduerak eginen dira eta gauean Aitzina tabernak jarraituko du bestak. 

Dantza tailerrak, Kick boxing ikastaroa, hitzaldiak eta bestelako jarduerak ere antolatu dira ekainaren 28rako bidean. Informazio eta xehetasun guztiak E29J plataformaren Instagram profilean ikusi daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!