Asier Rikarte: "Egungo gazteen arazoen eta kezken inguruan hitz egiten du 'Desagertuta' telesailak"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko mai. 28a, 17:22

Aktore burlatarra Primeranen eta Netflixen estreinatu den 'Desagertuta' telesailaren protagonistetako bat da, thriller tonuan egungo belaunaldi gaztea zeharkatzen dituen gaiak mahai gainean jartzen dituen istorioa, tartean bullyinga, sare sozialak, sexualitatea edota genero adierazpena

Lagunartean mendian gaua igaro ondoren, Jon desagertu egin da. Utzi duen aztarna bakarra, sare sozialetan zintzilikatu duen azken bideoa da. Mutiko gaztearen bilaketa abiatu bitartean, lagun arteko sekretuak eta tentsioak agerian geldituz joanen dira. Thriller tonua duen Desagertuta telesaila EITB-ren azken apustua izan da, Primeran streaming plataforman estreinatu ondoren Netflixera ere iritsi dena, harrera oso onarekin.

Telesaileko zuzendari Xabi Zabaletak eta Marta Grauk (Pausoka) aktore talde zabala bildu dute: Gorka Otxoa, Itziar Atienza, Jon Olivares, Ainhoa Azpitarte, Ane Rot… Baita Asier Rikarte burlatarra ere ere. "Niretzat esperientzia berritzailea izan da", azaldu du Rikartek. "Orain arte zinemaren munduan ibili naizelako gehiago, eta lehenengo aldia izan da maila honetako telesail batean parte hartzen". Ez da berrikuntza bakarra izan aktorearentzat. "Oso energia polita sortu da aktoreen artea, belaunaldi berdinekoak garelako. Orain arte ez zitzaidan nire adineko jendearekin lan egitea egokitu, eta uste dut energia oso polita sortu dela eta nabaritzen dela hori emaitzan". 

Telesailak, izan ere, asko edaten du egungo belaunaldiaren esperientzietatik. Trama nagusia Jonen desagerpenaren misterioa argitzean oinarritzen bada ere, egungo belaunaldi gaztea zeharkatzen duten gaiak izanen dira hari nagusiak, tartean bullyingaren arazoa, genero aniztasuna edo sexualitatea bizitzeko modua. "Desagerpenaren aitzakian, gazte taldea osatzen duten pertsonaia bakoitza ezagutzen joanen gara atal bakoitzean, eta pertsonaia bakoitzaren begietatik ikusiko dugu eta eraikiko dugu Jon".

Rikarteren pertsonaiari dagokionez, Iker, argi-ilunez betetakgaztea da. "Barrenean dituen gatazkak kanpoan gertatzen ari den horren islada moduko bat da. Homofobia eta bullying istorio bat da Ikerrek bizi duena, baina ez nik ez zuzendariak ez genuen istorio estereotipatu eta huts bat egin nahi, eta hasieratik saiatu naiz Iker ez izaten biktima perfektu bat". Burlatarrak aditzera eman bezala, telesailaren seigarren kapituluan azalduko da Ikerren istorio osoa.   

Gazteei zuzendutako euskarazko fikzioak egiteko EITBk 2023an egindako deialdiaren lehen emaitza da eta Desagertuta AIE, Pausoka eta Zebra Producciones ekoiztetxeek egin dute, elkarlanean. Ekoizpenaren berezitasunen artean filmatze estrategia aipatzekoa da, aitzindaria izan baita: euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean filmatutako lehen telesaila da Desagertuta. Birritan grabatu dituzte eszena guztiak: "Erokeria izan da aktore bezala, baina aldi berean ohartu naiz hizkuntza bakoitzan esperientzia desberdina dela, hitzek zentzu desberdina daukatela eta modu desberdinean bizi ditugula". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!