Erregimen itxian dauden presoen eskubideen alde 28 herri zeharkatuko ditu Sarek

Euskalerria Irratia 2025ko mai. 14a, 18:20

‘Puzzlea osatu arte’ ekimena Lesakan abiatuko da larunbatean eta 544 kilometro egingo dituzte Iruñera iritsi arte

Behin betiko konponbidea aldarrikatu eta etxerako bidea egiteko duten presoek bidea egin dezaten, Puzzlea osatu arte ekimena aurkeztu du gaur Sarek. “Salbuespen lege eta politikak oztopo dira oraindik etxerako bidea egiteko duten 57 presoen kasuan. Ezinbestekoa da elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu, gatazkak utzi dizkigun ondorioekin amaitzea. Ezinbesteko dugu behin betiko konponbidea”, adierazi dute antolatzaileek Iruñeko Udaletxe plazan egindako agerraldian.

Horretarako, 544 kilometroko bidea egingo dute asteburu honetan, 28 herri zeharkatuz. Maiatzaren 17an, goizeko 10:00etan Lesakatik abiatuko dira. Gipuzkoan barrena ibili eta gero Bizkaia aldera egingo dute salto eta arratsaldeko 7etan Galdakaora iritsiko dira lehenengo jardunaldiari amaiera emateko. Igandean, Berangon ekingo diote bideari eta Bizkaia eta Araba barrenean ibili eta gero Nafarroan sartuko dira Iruñean bukatuz. Arratsaldeko zazpietan izango da bukaera ekitaldia. Joaldunek harrera eginen diete parte hartzaileei Udaletxe plazan, eta kontzertu akustikoak izanen dira. Bolbora, Zaunka, Skabidean eta Fermin Balentziak joko dute. Martxa igaroko den 28 herrietan konponbidearen puzzlearen zatia jasoko dituzte, bukaerako ekitaldian puzzlea osatzeko.

Sare Herri Ekimenaren esanetan, “konponbideaz ari garenean herri honetan horrenbeste urtez horrenbeste sufrimendu eragin duen gatazkak utzitako ondorioen konponbideaz ari gara. Euskal presoek, iheslariek eta deportatuek etxerako bidea hasteko duten beharraz ari gara. Biktimek aitortuak izateko, erreparatuak izateko eta egia jakiteko duten beharraz ari gara”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!