Maiatzaren 17a, larunbata, LGTBI-fobiaren Kontrako Nazioarteko eguna izanen da. Iruñerriko kolektiboak biltzen dituen E28J plataformak larunbaterako manifestaldia zein gainerako ekitaldiak prestatu ditu dagoeneko, faxismoaren kontrako borroka lehenengo lerrora eramateko helburuarekin. Kiran Bhatti plataformako kideak nabarmendu bezala, “faximoaren gorakada eta hartzen dituen forma guztiei aurre egiteko beharra jarri nahi izan dugu erdigunean, bai LGTBIQ+ fobiaren kontrako indarkeria hor kokatuta”.
Arratsaldeko 20:00etan abiatuko da manifestaldia Sarasate pasealekutik, eta ondoren ere bestelako ekitaldiak egonen dira: “Piparrikan zizka-mizka bat izanen dugu musikaz girotuta, eta 22:00etatik aurrera Monton tabernan jarraituko dugu, ez-mixtoa izanen den besta batekin”. Kolektiboko kideentzat jai espazio segurua izateko helburua duenez, soilik kolektiboko jendearentzat izanen da besta.
Ekitaldi nagusia larunbatean izanen den arren, asteazkenean abiatuko haren ingurumarian antolatu den egitaraua, Plazaran arratsaldeko 18:30ean eginen den tailer batekin. Indarkeria polizialaren aurrean lumak zorroztu izenburupean egingo den tailerrerako sarrera librea izanen da lekuak bete arte.