KIROLERRIA

Amorerik eman gabe

Eñaut Agirrebengoa 2025ko mai. 12a, 18:14

Osasunak bana berdindu zuen Betisen aurka bart gauean Benito Villamarin estadioan jokaturiko partidan. Gorritxoek beren bertsiorik onentsuena eman zuten bisita bezala, eta puntu baliotsua lortu Europan sartzeko borrokan

Osasunak ez du amore eman nahi. Vila-realen atzerako urratsa egin ostean, atzo Europarako sailkatzeko hautagai dela berretsi zuen, Betisen zelaian meritu handiko puntua lortuta. Etxekoek eman zuten lehen kolpea markagailuan, bigarren zatia aurrera zihoala. Baina berandu gabe iritsi zen Budimirren gol salbatzailea. Eta ez hori bakarrik: estutzen jarraitu zuen Osasunak, eta hiru aukera garbi izan zituen garaipena bere egiteko.

Gorritxoek Txapeldunen Ligaren borrokan eta Konferentzia Ligako finalean dagoen aurkari bati egin zioten bisita. Ez zen badaezpadako erronka. Halere, zailtasunak zailtasun, oso partida ona jokatu zuen Vicente Morenoren taldeak; akaso, denboraldi osoan bisitari bezala jokatu duen onena. Betis deseroso sentiarazi zuen hasieratik, eta lotsarik ez zuen eduki baloia bere egin, eta neurketari bere erritmo propioa ezartzeko.

Itxaropena handitu zuten atzo nafarrek, eta aste honetan zirt edo zart egiteko bi partida jokatuko dituzte, biak ere etxean: ostegunean Atletico Madril hartuko dute, eta igandean Espanyol. Europako postuak, momentu honetan, bi puntura dituzte.

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerriko Osasun-etxean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!