Betis 1 - Osasuna 1

Budimirrek bizirik mantendu du Osasunaren amets europarra

Euskalerria Irratia 2025ko mai. 12a, 08:10

Liga honetako 19. gola sartu zuen Budimirrek Betisen kontra. Irudia: @Osasuna

Banako berdinketa lortuta itzuli da gizonezkoen Osasuna Sevillatik. Gorritxoek partida sendoa egin zuten Betisen aurka eta gehiago merezi izan zuten markagailuan. Aste honetan, etxean jokatuko dituzten bi norgehiagokek erabakiko dute Osasunak datorren denboraldian Europan jokatuko duen ala ez.

Berdinketa ez da emaitza txarra, Benito Villamarin bezalako zelai batean eta denboraldi honetako dinamikak ikusita, baina Osasunak gehiago merezi izan zuen. Orain arte ez bezala, talde gorritxoak partida sendoa egin zuen etxetik kanpo eta Betisi ez zion aukera handiegirik utzi. Hala eta guztiz ere sevillarrak markagailuan aurreratu ziren Cucho Hernandezen golarekin gorritxoak ordea, ez ziren kikildu eta arrapaladan egin zuten aurrera. Budimirren golak berdindu zuen markagailua eta denboraldi honetan gehiegitan errepikatu den atzerapausoa eman ordez, gorritxoek erasoan jarraitu zuten, puntu bat ziurtatuta izan arren. 16 tiro egin zituzten Adrianen ate inguruan horietatik 4 gol aukera garbiak izan ziren. Aimar Orozek, bikote bikaina osatu zuen Bryan Zaragozarekin eta berragertutako izarrak garaipenaren gola oinetan izan zuen, baina atezain sevillarrak gelditu zuen. Berdinketarekin pozik gorritxoak, baina gehiago merezita itzuli dira etxera.

Eta orain atsedenik hartzeko betarik gabe, hurrengo erronkak prestatu behar. Osasunak Europako postuetan sartzeko aukera guztiak mantentzen ditu eta horiek, datozen bi partidak irabaztetik pasatzen dira. Astebetean bi norgehiagoka etxean. Vicente Morenok argi du, Sadarren txanda da orain: “Etxean bi partidu ditugu orain eta Sadar oso zelai zaila da arerioendako, eta bertan jokatuko ditugu Europan jokatzeko aukera guztiak”.

Osasuna hamargarren da sailkapenean 45punturekin, Conference Leaguean aritzeko postuan den Rayo Vallecanok baino bi puntu gutxiago. Hiru jardunaldi geratzen zaizkio aurtengo Ligari, horietatik bi etxean jokatuko dituzte gorritxoek. Ostegunean arratsaldeko zazpietan Osasuna-Atletico eta Igandean, ordu berean, Osasuna-Espanyol. Euskalerria Irratiak zuzenean kontatuko dizue, Osasunaren amets europarra egi bihurtzen den ala ez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!