ITZALALDIA

Itzalaldiaren osteko normaltasuna

Euskalerria Irratia 2025ko api. 29a, 08:11

Atzo eguerdian hasi eta gauerarte luzatu zen itzalaldiaren ostean normaltasuna berreskuratzen ari da Nafarroan. Gaur eskola egun normala izanen da ikastetxe guztietan eta Osasun etxeak ere zabalik izanen dira. Industrian ordea, zenbait lantokietan oraindik ere makinak geldirik dituzte.

Normaltasuna ia erabatekoa gaur goizekoa, atzoko itzalaldi historikoaren ostean. Goizeko 6:20ean irten da Madrilerako bidean lehen trena eta, 7:40ean ailegatu da Zaragozatik zetorren lehena. Gau osoan tren geltokia zabalik mantendu dute, trenak geldituta zirelarik, etxera itzuli ezin izan duten pertsonendako, baina soilik bi herritarrek behar izan dute aterpea.

Ordu honetan Iruñea esnatzen ari da, Billabesak normaltasunez kalean eta ohiko trafikoarekin. Eskolak egunero bezala irekita izanen dira, gaur klase egun normala izanen da, jantoki eta autobus zerbitzua barne. Osasun etxeak ere zabalik izanen dira eta ohiko hitzorduak mantenduko dira, baita programatutako ebakuntzak ere. Edozein atzerapen eta kantzelazio egonen balitz Osasun departamentutik jarriko dira kontaktuan herritarrekin. Atzo bertan behera geratutako hitzordu eta ebakuntzak datozen egunotan berreskuratzeko asmoa du Osasunbideak.

Normaltasuna hirian, ez ordea industriagunetan. Momentuz eta ordu honetan dugun azken informazioaren arabera, zenbait enpresetan ez dute normaltasuna berreskuratu oraindik eta makineria geldirik dute. Hori da esate baterako Volswagenen duten egoera, enpresa batzordetik esan digutenez, momentuz lantokia geldirik dago eta ekoizpenaren itzuleraren gaineko informaziorik ez.

 

Kanpingasak erosteko zoramena

Bien bitartean hiritarrak harridura, izua eta umorez hartu dute egoera. Eta izan da ere, horrelakorik errepikatuko balitz prestatu direnak. Atzo, kanpingasak, linternak, kandelak, ura amaitu zen hainbat saltokietan…horrela kontatu digu Ferreteria Iturramako Mikel Alzorrizek: “Hasi da jendea sartzen, zoramena izan da, kanpingas guztiak saldu ditugu denbora gutxian, linternak ere agortu zaizkigu, jendea urduri eta ohika txanda eskatzen…apokalipsia ematen zuen”

Urduritasuna zenbait momentutan izan bazen ere, ez zen aparteko arazorik eta istilurik sortu Nafarroan eta argindarra berreskuratu ahala txaloka eta irrintzika hartu zuten kalez kale, auzoz auzo herriz herri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!