Azken unerarte saiatuta ere, emakumezkoen Osasunak beste urte batez azken orduan galdu du lehen mailara igotzeko borrokan aritzeko aukera. Aurten, ez da ezta playoffetan sartu ere. Denboraldi irregularraren ostean, hasiera trakets eta porrot askorekin, bigarren itzulian burua altxatu eta ligako azken jardunaldira igoera kanporaketetan sartzeko aukerarekin iritsi ziren neskak. Karanbola bikoitza behar zuten ordea, Atletico Madrilen etxean irabazi eta Cacereñok bere norgehiagoka galtzea, baina bi aukeretan kontrako emaitza atera zen.
Gorritxoak nagusi izan ziren Madrilen, baina ez zuten garaipenik lortu eta berdinketarekin amaitu ziren 90minutuak. Une berean, Logroñotik albiste txarra ere heldu zen, Cacereño bat eta huts garaipena lortuta, igoera playoffetan sartzen zelako. Berriz ere, azken koskan agur esan behar lehen mailan jokatzeko asmoari. Zazpigarren aldiz, azken unerarte borrokan izan dira gorritxoak.
Tamalez emakumezkoen Osasunak ez du sendotasunik talde moduan eta igoera postuetaraino iritsi diren jokalarietako askok, urtero bezala, taldetik joanen dira eta Josu Dominguezek, urtero bezala ere zerotik abiatu beharko du proiektua. Dagoeneko ezaguna da denboraldi bikaina egin duen Maria Barquero Espanyolen arituko dela datorren urtean.
Ea zortzigarren aukeran lortzen duten.