Zentsura mozioa onartuta, UPNk ez du Noain gidatuko

Euskalerria Irratia 2025ko api. 15a, 08:07

Noainek alkate aldaketa izan du: UPN albo batean utzi dute zentsura mozio bati esker. Hemendik aurrera, Aldatu Elortzibar, AINE (Noaingo Elkarte Independientea) eta Somos Valle taldeek gidatuko dute udala. Aldatu koalizioko Luis Mayak hartu du aginte makila UPNko Sebastian Marcori lekukoa hartuta.

Osoko bilkuren areto bete batean, mozioa sinatu duten zazpi zinegotziek – hiru Aldatu Elortzibarrekoak, hiru AINEkoak eta Somos Valleko ordezkari bat – Luis Mayaren (AE) alde bozkatu dute, baina alkatetza partekatua izanen da: Urtebete igarota, Mayak aginte-makila emanen dio Mikel Navarro AINEko bozeramaileari, eta hark hartuko du alkatetza legegintzaldiaren azken urtean. Somos Vallek, berriz, Kontzejuen eremuaren buru izaten jarraituko du.

Mozioa aurkezteko erabakia, martxoaren 31n iragarri zuten, UPNren gobernu taldearen kudeaketan "noraeza" eta "gardentasun falta" zegoela argudiatuta, eta gutxiengoan gobernatzen ari zela. Hiru taldeek salatu zuten erabakiak hartzetik eta oposizioarentzat garrantzitsua den informazioa ezkutatzetik baztertu zituztela. Gehiengo absolutua balute bezala jokatzeari utzi behar ziotela adierazi zioten alkateari behin baino gehiagotan, diote.  Udalaren erabakietatik etengabe isolatzen zituztela adierazi zuten.

Marcoren ustez, aldiz, argudio horiek ez dira sostengatzen bailarako azken sei aurrekontuak kontrako botorik gabe onartu direlako. Horien artean azkena, duela bi hilabete onartutakoa, talde guztiekin negoziatu zen. Arazorik gabe onartu ziren denak. Izan diren azken bi osoko bilkuretan, arazorik gabe onartu dira gai gehienak, eta hori da dagoen errealitatea», esan zuen. Marco ez zuten bakarrik utzi. Han izan zituen, alboan, Cristina Ibarrola UPNko presidentea, Tuterako alkate Alejandro Toquero, edota Eguesibarko, Barañaingo eta Lizarrako alkateak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!