Raimundo el Canasteroren kontrako auzia ibilbide penaletik kanpo utzi du Nafarroako Auzitegiak

Bidane Beloki Ezker 2025ko api. 1a, 08:02

Lizarrako epaitegira itzuli da auzia eta bertan delitu arinengatik epaituko dituzte eta gehienez hiru hilabeteko isunarekin zigortu. Auzitegiak ebatzi du Ruiz de Aldak gorroto delitutzat epaitzeko egindako eskaera epez kanpo dagoela.

Raimundo el Canastero taldea ez dute bide penaletik epaituko iazko Lizarrako jaien eztabaiden kontura, alkateari egindako Beef d 'Alda abestiarengatik. Nafarroako Auzitegiak errefusatu du UPNk eta Marta Ruiz de Alda alkateak taldea gorroto delitua egotzita epaitzeko asmoa; auzitegiak ebatzi du epez kanpo dagoela.

Hartara, auzia Lizarrako epaitegira itzuli du eta bertan delitu arinen epaiketa egingo dute. Gehienez hiru hilabeteko isunarekin zigortu ahalko zaie bertan, eta delitu arina denez, epaiketa egin arte ez da jakingo zein den egindako akusazioa.

Inplikatuek hala onartu zuten hasieratik eta alkateak ez zuen errekurtsorik aurkeztu. Gerora, urtarrilaren amaieran, Ruiz de Aldaren eskaerak epaiketa atzerarazi zuen, akusazio larriagoak egotzita. Prozesua beste maila batera igotzeko gorroto delitutzat epaitzea eta espetxe-zigorra jaso ahal izatea proposatzen zuen alkateak.

Baina, auzitegiak ebatzi du aurretik egin behar zutela eskaera hori dagokion erreforma-errekurtsoa eta apelazio-errekurtsoa jarrita. Beraz, bertan behera geratzen da eskaera eta Raimundo el Canasterok ez du espetxe zigorrik jasoko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!