San Mamesen, gorritxoek atzean utzi zituzten azken partidetako sentsazio txarrak. Eta kontrara, nortasuna eta sendotasuna berreskuratu zituzten. Bosteko defentsarekin seguru sentitu zen taldea, eta jokalari guztiek gogotik egin zuten lan egiturak zutik jarrai zezan.
Hori bai, lortutako puntua batez ere Aitor Fernandezi zor dio Osasunak. Ligan aurrenekoz jokatu zuen denboraldi honetan atezain gipuzkoarrak, eta gelditu erabakigarriak egin zizkien zuri-gorriei.
Erasoan, berriz, Osasunak nekez gainditu zuen Athleticen presio estu eta koordinatua. Aukera onenak, hasieran eta bukaeran izan zituen. Garaipena urrun ikusi zuen ia beti, eta konforme gelditu zen puntuarekin. Arindua hartu zuen taldeak, eta bereziki, Vicente Morenok.
Datozen partidetan urratsa egitea dagokie nafarrei: apirilean Leganes, Girona, Valladolid eta Sevilla izango dituzte aurkari.
Emakumeen taldea, berriz, playoff postuetan sartu da, larunbatean Alavesen aurka bana berdindu ondoren. Bigarren zatia jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuten gorritxoek, Carmen Sobron egotzia izan ostean. Eta halere, sailkapeneko bigarrena mendean hartzear izan ziren.
Maria Barquerok aurretik jarri zituen gorritxoak, 47. minutuan. Hogei minutu geroago, ordea, banakoa ezarri zuen Marta San Adrianek. Azken txanpan irabazteko aukerak izan zituen Josu Dominguezen taldeak, baina markagailuan ez zen beste aldaketarik izan.
Azken lau partidak irabazi ondotik, meritu handiko puntua lortu zuen Osasunak. Liga bukatzeko hiru lehia falta dira, eta gorritxoak seigarren daude sailkapenean. Atseden hartuko dute asteburu honetan.
Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerriko Osasun-etxean. Solasaldia hemen entzungai.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!