Barça 3 - Osasuna 0

Ezinean

Haritz Pascual Garjon 2025ko mar. 28a, 08:24

Gizonezkoen Osasunak hiru eta huts galdu du Bartzelonan, duela pare bat aste atzeratu behar izan zen partiduan. Gorritxoak 14.ak dira sailkapenean eta jaitsiera postuak sei puntutara gerturatu dira.

FC.Barcelona Osasunaren gainetik pasa zen inolako arazorik gabe. Ados, erronka zaila zen, sailkapen nagusiko liderraren kontra, bere etxean,…zeozer positiboa ateratzea bagenekien zaila zela, baina Osasunak ez zuen ezta saiakerarik egin. 10. Minutuan sartu zuten katalanek lehen gola eta lehen zatiko 21.minutuan bigarren golarekin haien garaipena sendotu. Gizonezkoen Osasuna berriz uzkur, ideiarik gabe, zenbait momentutan ere indarrik gabe, pizgarririk gabe ikusi zen berdegunean. Horrela ezinezkoa da Bartzelonan sorpresa ematea. Vicente Moreno, Osasunako entrenatzaileak aitortzen zuen partidara zaila zela jakinda iristen zirela eta horrela aurre egin zioten gorritxoek erronkari, porrota dagoeneko barneratuta. Bigarren zatian, Osasunak burua altxatzen ari zela ematen zuenean, gogogabe zebilen Raulen ordez Budimir atera zenean, Barçak hirugarrena egin zuen eta partida amaitutzat eman daiteke. Hiru puntuak ez eta gainera taldeak bi jokalari galdu ditu datorren jardunaldirako. Sergio Herrera atezainak bostgarren txartel horia ikusita ezingo da San Mamesen aritu, beraz Aitor Fernandezek debuta eginen du Ligan, denboraldi honetan ez baita hamaikakoan sartu. Iker Muñoz ere ez da arituko euskal derbyan, atzo min hartuta utzi behar izan zuen berdegunea.

Gorritxoei amaitzen ari zaie urrirarte pilatutako puntu ondarea eta Vicente Moreno ere aitzakiarik gabe geratzen ari da. 14.ak dira sailkapenean 33 punturekin eta 6 puntuko errenta soilik dute jaitsiera postuekin. Azken bost hilabetetan garaipen bakarra lortu du Osasunak edo beste modu batera azalduta, jokoan izan diren 48puntuetatik, hamabi soilik irabazi ditu. Asteburuko euskal derbya San Mamesen final bat izanen da, baina gorritxoen irudia ikusita, ez du ematen presio horrek emaitza onik ekarriko duenik.

Osasunak Barcelona salatu du

Berdegunean galdu zuena, bulegoetan irabazi nahi du gizonezkoen Osasunak eta Barçaren kontrako salaketa jarri du ustezko bidegabeko lerrokatzeagatik. Barcelonak Iñigo Martinez sartu zuen hamaikakoan, baina Ondarroako jokalaria berez min hartuta zen. Federazioko arauak dio jokalari bat selekzioarekin egonda, deialdia lesioagatik utziko balu, bost egun egon beharko dela jokatu gabe. Igandean, Martinez ez zen aritu Valentzian Espainiako selekzioak jokatutako partidan, min hartuta zegoelako. Orduz geroztik soilik lau egun pasa dira. Gaur goizean argituko du gaia Futbol Federazioak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!