1938ko maiatzaren 22an, Ezkabako presondegian zeuden 795 gizonek egin zuten ihes, eta hiruk baino ez zuten lortu mugaren beste aldera pasatzea. Tiroz hil zituzten asko, fusilatu beste batzuk eta 585 hartu zituzten berriz preso. "Sarraskia· gogoratzeko ekimena izanen dela esan du Berriozarko alkate Iker Mariezkurrenak: "Berriozar beti egonen da memoria hori berreskuratzearen alde".
Urepelera hiru preso iritsi zirela dio historiak, baina, jakin al dugu gurean gertatutako ondorengoei transmititzen? Zalantza hori argitzeko lan egiten ari da Urepelgo Udala ere: 2Gure aiton-amonei galdetuz gero, bazekiten gertatutakoa. Ez agian zein baseritan izkutatu ziren, baina ihesaldiaz bazuten berririk. Ordea, haien bilobek ez dute ezagutzarik. Udalean, goxotasunez baina indarrez lantzen ditugu halako gaiak", adierazi du Xole Aire Urepeleko auzapezak.
Maiatzaren 17an eginen dute mendi-martxa
Antsoain, Berriozar, Urepel, Iruña, Atarrabia, Ezkabarte, Berriobeiti, Olaibar, Buirlata, Nafarroako Gobernua eta Memoria Institutuak babesten dute mendi martxa hau. GR 225 ibilbidea segituko dute parte hartzaileek eta hiru martxa egiteko aukera izanen da: lehena, luzeena, 53 kilometrokoa da Ezkabako gotorlekutik Urepelera izanen da. Bigarrena, leku berdinetik hasi eta Saigotseraino izanen da, 28 kilometro. Biak, goizeko seietan abiatuko dira. Azkena, 25 kilometrokoa, Saigotsen hasi eta Urepelerainokoa izanen da.
Izen-emateko epea zabalik dago eta ez da beharrezkoa inongo federazioko kide izatea. Lafugamendilasterketa.com webgunean aurki daitezke xehetasun guztiak.