Uste baino garaipen samurragoa lortu zuten gorritxoek Andres Iniesta Kirol Hirian. Hirugarren minuturako jada markagailuan aurretik ziren, Carmen Sobronek kontraeraso batean sartutako golari esker.
Lehen zatian ez zen gol gehiago izan, baina atsedenetik bueltan errenta handitu zuen Josu Dominguezen taldeak. 66. minutuan, 0-2koa egin zuen Yiyik. 11 gol sartu ditu honezkero; Ligako bigarren golegilerik onena da. Atzo, ordea, Carmen Sobron izan zen gorritxoen artean emankorrena, beste gol bat egin baitzuen 86. minutuan; kasu horretan, penaltiz.
Gauzak hala, Osasunak irabazi egin ditu azken lau lehiak, eta gol bakar bat ere ez du jaso. Larunbatean goraldiari jarraipena ematen saiatuko da, Alavesen aurka.
Gizonek, beren aldetik, atseden hartu dute asteburuan, baina plater bikoitza izango dute aste honetan: ostegunean Bartzelonaren zelaian ariko dira, eta igandean Athletici egingo diote bisitan. Sariren bat lortu nahi badu, Vicente Morenoren taldeak asko hobetu beharko du azkenaldian emandako irudia.
Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerriko Osasun-etxean. Solasaldia hemen entzungai.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!