Enplegua, mugikortasuna eta eleaniztasuna sustatuko dira mugaz gaindiko lankidetza proiektu baten bitartez. POCTEFA programak funtsen 14,8 milioi euro bideratuko ditu horretarako. Herritarrengandik hurbilago dagoen Europara izenburuarekin sei proiektu estrategiko garatuko dira. Lurralde-estrategia integratuak ezarriko dira. Ekimen berritzailea da, aurrekaririk gabekoa. Lankidetza sustatzeaz gainera mugako lurraldeen garapen jasangarria indartzea ere badu helburu. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Iruñean, Nafarroak, Euskadik eta Akitania Berriak.
Sei proiektu dira guztira: Lanean, mugaz gainiko enpleguari dagokiona; Transfermugi eta Mugaziklo, garraio jasangarriari lotuta; Sarebide, komunikazio proiektuekin lotuta; Eusgune eta Hezhi, euskararen alorrean.
Euskalerrria Irratiak horietako batean hartuko du parte, Sarebide izenekoan. Beste bost komunikabiderekin batera ariko dira elkarlanean: Berria, Euskal Irratiak, Kanaldude, Hamaika Telebista eta Elhuyar. Zertarako? Euskarazko hedabideen eraldaketa prozesuan parte hartzeko. Euskarazko hedabideen artean sare bat sortuko da lankidetzarako, euskarazko eduki digitala hedatzeko sistema berriekin eginen dute lan eta Adimen Artifizialeko teknologien ikerketa eta analisia ere eginen dute.
Mathieu Bergek, Akitania Berriko kontseilariak eman ditu Sarebide komunikazio proiektuaren gaineko azalpenak: "Asmoa da sare bat sortzea, Iparraldeko, Nafarroako eta Euskadiko euskarazko hedabideak bateratzeko eta izan ditzaketen oztopoak gainditzeko. Baliabideak eskaini nahi dizkiegu, teknologia berrien bitartez, datuak eta informazioa parteka ditzaten".
Sarebide egitasmoak hiru urteko iraupena eta 2,6 milioi euroko aurrekontua izanen ditu. Horietatik, 1,7 milioi inguru finantzatuko dituzte Europako funtsekin.