KIROLERRIA

Katarsiaren ordez, krisia

Eñaut Agirrebengoa 2025ko mar. 17a, 16:37

Osasunak 1-2 galdu zuen Getaferen aurka, eta zalantzaz beterik iritsi da nazioarteko partiden geldialdira. Helburu bakarra izango du hemendik aurrera: mailari eustea

Ilusioa hauspotzeko neurketa zen atzokoa Vicente Morenoren taldearentzat. Garaipenak Europako postuen borrokan sartuko zukeen berriro. Eta lehen zati ilunaren amaieran, argi pintzak agertu ziren Sadarren: jokaldi bikaina egin zuten Pablo Ibañez eta Aresoren artean, eta penaltia egin zioten Budimirri. Kroaziarrak, nola ez, sareetara bidali zuen baloia.

Alabaina, Osasuna ez da abantailak kudeatzeko gai. Eta atzo, denboraldi honetan zortzigarrenez, alferrik galdu zuen aldeko markagailua. Ihes egin zion partidaren kontrolak, eta defentsan egindako hutsak ez zizkion barkatu Getafek, Ramon Terratsen eskutik. Nafarrak jokalari bat gehiagorekin aritu ziren zenbait minutuz, Bryanek min hartu arte, baina ezin izan zuten porrota saihestu. Taldea oso joera txarrean dago, eta atzo, partidaren amaieran, txistuak entzun ziren Sadarren.

Emakumeen taldeak, berriz, 1-0 irabazi zion atzo AEM taldeari, Yiyik 88. minutuan egindako gol bati esker. Hirugarren garaipena du jarraian Josu Dominguezen taldeak, eta indarra hartzen ari da playoff postuen borrokan.

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira Kirolerria saioko ‘Osasun-etxea’ tartean. Solasaldia hemen entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!