Osasuna 1 - Getafe 2

Behera begira

Haritz Pascual Garjon 2025ko mar. 17a, 07:28

Gizonezkoen Osasunak 1-2 galdu zuen etxean, arerio zuzena den Getaferen aurka. Azken 15 partidetan garaipen bakarra lortuta, gorritxoak Europara begira izatetik, hasi dira bigarren mailara jaisteko sailkapen postuen beldur.

Enegarren aldia da hiru puntuek ihes egiten diotela gizonezkoen Osasunari, partida alde zeukan arren. Getaferen kontrako norgehiagokak aurrekoen gidoi berbera izan zuen, lehen zati bat erasokor gola sartu arte; behin markagailuan aurretik jarrita gorritxoak uzkurtu egiten dira, zalantzak hasten dira eta atzean ixten dira. Formula honek ez dio azarotik funtzionatu Vicente Morenori, baina Masanasako entrenatzailea ideiarik gabe dago, maldan behera datorren itzaltzen ari den taldea berpizteko.

Lehen minutuetan Osasuna jokoaren jabe izan zen, Budimirrek eta baita hamaikakora itzulitako Pablo Ibañezek ere, saiakera ezberdinak egin zituzten 44. Minutuan aldeko penalti batean, kroaziarrak bere kontu pertsonaleko 58. Gol gorritxoa egin arte. Aldageletara sentsazio paregabeekin joan ziren jokalariak, baina atsedenaldiak, beste behin ere ez zien onik egin. Ordutik aurrera, ideiarik agabeko Osasuna ikusi zen berdegunean. Bryan Zaragoza ez da denboraldi hasierakoa eta atzo Djenérekin egin zuen behin ta berriz talka, Alboetatik ere gorritxoek ezin aurrera egin eta baloia Catenaren oinetara itzultzen zen behin ta berriz. Bordalasek aulkia mugitu zuen atsedenaldian eta aurrealdean jarri indarra. Osasuna atzean itxi zen, partida erabakita utzi gabe eta horrek aurreko norgehiagoetako mamu guztiak berreskuratu zituen. Horrela iritsi zen Getaferen berdinketa, ezkerkada bikain batekin eta horrela ere iritsi zen madrildarren bigarrena, entseiatutako jokaldi batean. Zortzigarren partida da, arerioek buelta ematen diotela berez Osasunak alde zeukan markagailuari.

Gorritxoek burumakur amaitu zuten partidua. “Ez dugu joko onik egin” esan zuen prentsa aretoan Vicente Morenok, “Barkamena eskatu behar diogu zaleei, ni naiz egoera honen erantzule bakarra”. Masanasakoaren kontratua berritu edo ez eztabaidatzen ari den unean, hasi dira bere kanporaketa eskatzen duten ahotsak geroz eta ozenago entzuten.

 

Barça-ren kontra atzeratutako partiduak badu data

Gizonezkoen Osasuna  14. Postuan da une honetan 33 punturekin. Jaitsiera postuak 7 puntutara ditu orain. Gorritxoak partida bat gutxiago jokatu dute. Gaur ezagutu da FC Barcelonaren kontrako norgehiagoka martxoaren 27a, ostegunean jokatuko dela. Hurrengo partida ere ez da erraza izanen, esne mamitan den Bilboko Athletic bisitatuko baitu Osasunak, hasiera batean martxoaren 28rako ezarrita zegoena baina atzeratu beharko dena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!