PAI hezkuntza programa utziko dute Gares eta Elizondoko eskola publikoek

Maialen Huarte Arano 2025ko mar. 14a, 08:10

Hezkuntza Departamentuari baimena eskatu diote PAI programa uzteko Garesko eta Elizondoko eskola publikoek. Baiezkoa jaso dute biek. Elizondokoa D ereduko ikastetxe izanen da berriz ere. 

Hemezortzi urte joan dira PAI programa ezartzen hasi zela Nafarroako Gobernua. Ingelesa gehiago barneratzeko helburuarekin hasi zen hedatzen PAI. Musika, zientziak, artea edota matematikak ingelesez ematen hasi ziren horren bidez. 116 ikastetxek izan dute integratua programa hori. Polemikaz betetakoa izan da, era berean. Izan ere, Administrazio publikoan sartzeko ezin da legez ingelesezko derrigorrezko eskakizunik eskatu eta ahal moduan mugitu dituzte eskola horiek eman ahal izateko;  askok gutxieneko ingeles jankintza ere ez zuten.

Ordutik, ikastetxe askok eman dute pausua programa hori ikastetxetik kentzeko. Azkenak, Gares eta Elizondoko ikastetxe publikoak izan dira. Baimena eskatu diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari hori egin ahal izateko. Iragarri berri dute departamentuak baiezkoa eman diela, eta datorren ikasturtetik aurrera ez dira PAIn egonen.

Elizondoko ikastetxea berriro ere D eredukoa izango da. 2009an ezarri zuten PAI-D, "ikasleen ingelesa indartzeko helburuarekin", baina atzera egin dute orain, "ikasleen profila aldatu eta eskola publikoan D eredua logikoena dela ikusita". Garesen, berriz, orain arte PAI-G, PAI-A eta PAI-D eskaintzen zituzten.

Steilas sindikatuak adierazi du beste zenbait ikastetxek ere eskatua diotela departamentuari PAI programa utzi nahi dutela eta espero du datozen asteetan izatea erantzunaren berri. "PAItik ateratzen lehen ikastetxea Castejonkoa izan zen, 2021-2022 ikasturtean eta gero Cascante izan zen erabaki hori hartzen", gogoratu du Ane Apezetxea Steilaseko kideak. Elizondoko eta Gares datoz orain: "PAI eredua uztea progresiboa da eta gutxienez sei urte behar dituzte programa horretaz desegiteko", azaldu du. Orain ikusten ari dira "zein peaje altua" ordaindu behar izan duten programa hori ezartzearekin: "Edukien ezagutza maila asko jaisten da eta ingeleseko maila ez da hain ona proportzioan", ondorioztatu du.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!