Nafarroako gutxieneko soldataren aldeko sinadura bilketa martxan jarri dute sindikatuek

Haritz Pascual Garjon 2025ko mar. 5a, 12:01

ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Nafarroako Gobernua, enpresariak, UGT eta CCOOren jarrera salatu dute edozein aurrera urratsari atea itxi diotelako. Nafarroako langileak mobilizatzera deitu dituzte “Estatuarena gaindituko duen gutxieneko soldataren alde”.

Pasa den ostiralean UGTk, CCOOk eta enpresarien elkargoak ezezkoa eman zioten, Nafarroako langileendako gutxieneko soldata propio bat negoziatzen hastera. “Patronalaren aldetik espero genezakeen erantzun negatiboa, patronalaren asmoa delako aberastasuna pilatzea ahalik eta soldata baxuenak ordainduz” azaldu du ELA sindikatuko Saioa Urrizak, “Baina UGT eta CCOOren jarrera ulertezina da, uste dugulako sindikatuen funtzio nagusia langileen bizi baldintzak ahalik eta gehien hobetzea izan behar duenean”. Are gehiago, sindikatuek salatu dutenez, “UGTk eta CCOOk Nafarroan ukatu dutena, EAEn ahalbidetu dute, beraz azaldu beharko dute zergatik Eusko Autonomi Erkidegoko langile batendako onuragarria dena, ez den nafar langile batentzat” salatu du Urrizak. Ekimena martxan jarri duten sindikatuen ustetan, Foru Gobernua, enpresariak eta UGT eta CCOO sindikatuek “adostasun bateratua dute, gutxieneko soldata propioa aurrera ez eramateko eta hau langile prekarizatuenek ordainduko dute”.

“Gutxieneko soldataren bidea Nafarroan malkartxua eta zaila izaten ari da” esan du LAB sindikatuko Imanol Karrerak, “Parlamentuko mahaiak ez du honetarako beharrezkoak diren eskuduntzak eskatzeko bidea irekiko duen ekimena tramitera ere onartu”. Sindikatuek Epaitegi Konstituzuonalean helegitea aurkeztu dute honen kontra. “Nafarroak lan harremanen esparruan dauden eskumen guztiak behar ditu, bertako langileen lan baldintzak eta soldatak hobetu nahi baditugu” esan du Karrerak.

ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek gutxieneko soldataren aldeko sinadura bilketa egin eta bildutakoa parlamentuko indar politikoei helaraziko zaie. Gainera, apirilaren 14ean langileak kalera ateratzera deituko dituzte, bertan Nafarroan, estatukoarena gaindituko duen gutxieneko soldata propioa eskatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!