Antifaxismoa feminista izanen da edo ez da izango lemapean aterako dira kalera Euskal Herriko Gazte Feministak larunbatean. Egungo testuinguruaz, faxismoaren oldarraldiaz, diskurtso erreakzionarioez, kalean zein sare sozialetan nabarmendu den indarkeriaren kontra garatu beharreko estrategiaz aritu gara Lide Arrieta kolektiboko kidearekin: "Emantzipazio feministarantzko apustua egiten dugu, gainera gurean forma zehatz bat hartzen du honek: Euskal Herri feminista baterako bidea, hori badelako hein handi batean gure helburua".
Egungo oldarraldi faxistaren oinarrian krisi sistemiko anikoitza dagoela nabarmendu dute Gazte Feministek, pobrezia orokortua, migrazio politika arrazistak eta pribatizazioa nagusitzen diren beste arazoen artean. Horrek sortzen duen ezinegon eta segurtasun faltaren aurrean, etorkizuna irudikaezina bilakatzen dela azpimarratu du Arrietak. Hala, "feminismoa ezinegon hori kanalizatzeko modu eraginkor" gisa marrazten dela gehitu du. "Gazte feministok bagabiltza gure herri eta hirietako talde feminista intergenerazionaletan, institutu eta unibertsitateetan... Bagabiltza eta hori izaten ari da gure estrategia feminista".
Martxoaren 8an, Euskal Herriko Gazte Feministek euren aldarriak kalera aterako dituzte, beste kolektibo feministetatik eginen diren beste aldarri eta lemekin bat eginez.